Iñaki Zelaia hernaniarra gaur Arrasaten

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 23a, 03:00

Final laurdenetako azken saioa da gaurkoa eta bertan esango dute zein 12 bertsolari pasako diren final erdietara. Saioa 17:00etan da Arrasateko Amaia antzokian.

bertso plana egin nahi dutenek aukera ederra dute gaur, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako saioa izango baita Arrasaten. Final laurdenetako bosgarren eta azken saioa jokatuko dute gaur 6 bertsolarik eta horien artean da Iñaki Zelaia hernaniarra. Final laurdenetako 5 saioetatik 12 bertsolari pasako dira final erdietara, eta Zelaia izan liteke horietako bat. Zelaiarekin kantatuko duten beste bost bertsolariak dira: Estitxu Arozena, Aitor Sarriegi, Nahikari Gabilondo, Arkaitz Goikoetxea eta Arkaitz Estiballes. ´Nahiko lasai` Zelaiak Kronikari esan dionez nahiko lasai dago gaur Arrasaten kantatzeko. Txapelketa hasieran urduriago egon omen zen baina orain lasai omen dago. ´Prestaketari eskaini diogu eskaini beharrekoa eta orain kantatzea gelditzen da`. Zelaiaren helburua final erdietara pasatzea da, baina, bertsotan asko egin beharko omen du helburu hori duen edozeinek ´bertsolari asko gaude eta sarea estu dago, pasatzen dena bertsotan eginda pasako da. Neretzat polita litzateke final erdietan kantatzea. Hainbeste jenderen aurrean eta maila horretan dabiltzanekin kantatzea ederra da`. Gaur jende beteranoa izango da kantuan eta saio gogorra espero du Zelaiak. Arrasaten, Amaia antzokian, 17:00etan hasita.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!