EUSKALDUN ESKUZABALAREN BILA

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 22a, 03:00

Euskara txikitan ikasteko aukera izan ez bazenuen, ongi ezagutzen duzu euskaltegian ikasitakoa kalean erabiltzeko egin behar den esfortzua. Baina, haurtzaroan etxean edo eskolan ikasi bazenuen ere, ziur gaude baduzula aipatzen dugun esfortzuaren berri, zurekin komunikatzeko dituzten zailtasunak ikusi dituzulako, edo, agian, zu zeu beste hizkuntza bat ikasten eta erabiltzen saiatu zarelako. Esfortzu hori arintzeko bidea aurkitu dugu: gure artean euskaraz egitasmoa. Baldintza bakarra dago martxan jartzeko, herri honetan dauden euskaldun eskuzabalak aurkitzea. Izan ere, euskara ikasten edota euskaraz hitz egin nahi duten herritarrei euskaldunekin hitz egiteko aukera eskaini nahi diegu. Horretarako, zuen zaletasunak, ordutegiak eta bestelakoak kontuan hartuta, astean behingo jarduera proposatuko dizuegu elkarrekin egiteko, elkarrekin euskaraz aritzeko. Bilatzen ari garen euskaldun eskuzabala bazara, jakin ezazu ez dituzula euskararen gramatika edo Euskaltzaindiaren arauak jakin behar parte hartzeko. Euskaraz komunikatzeko daukazun erraztasuna eta laguntzeko gogoa da behar duguna. Bilatzen ari garen euskaldun eskuzabala aurkitu badugu, deitu 943-332799 telefonora edo behean aipatzen diren guneetara. Laster arte. * Gure artean euskaraz egitasmoan 36 lagun ari dira parte hartzen. Orain dela hiru urte jarri zen martxan eta urritik ekainera irauten du. Parte hartzaileek ez dute ezer ordaindu beharrik. Idoia Illarramendi, Gure Artean Euskaraz egitasmoaren arduradunen izenean (Dobera, herriko ikastetxeak eta herriko euskaltegiak).
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!