1.400.000 euroko kostua izango du Elizatxo auzoa berritzeak eta martxorako bukatu ditzakete obrak

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 22a, 03:00

Erdialdeko Elizatxo deitzen zaion horretan obrak ia bukatuta daude. Trenbide ondoan dagoen Oriamendi kooperatibako obrak martxora arte luzatuko dira.

elizatxo auzoko berritze lanak martxo aldean bukatuta egon litezkeela jakinarazi du Udalak. Obrak 1.400.000 euro kosta dira eta bi fase izan ditu: erdialdeko Elizatxo deitzen zaion horretan lehenengoa eta ia bukatuta daude; bigarren fasea Oriamendi Kooperatiba deitzen zaion horretan, trenbide ondoan dagoena, eta horiek martxora arte luzatuko dira. Elizatxon burutu beharreko obrak izan dira batez ere ur eta argi sarea konpontzea eta auzoko akzesibilidadea hobetzea, izan ere Udalak jakinarazi duenez 40 urte baino gehiago dira auzo honetan berrikuntzarik egin ez dela eta ondorioz auzoa nahiko utzita zegoen. Obrak Eusko Jaurlaritzako Izartu programak subentzionatu ditu alde batetik (hondatutako hiriguneak berritzeko programak) eta Diputazioak ere lagundu du. Gainerantzekoa Udalak ordaindu du.
Ur eta argi sarea konpondu eta akzesibilidadea hobetu Elizatxo auzoko bi zonalde horietan egindako obrak batez ere izan dira ur eta argi sarea hobetzea (dena lur azpitik pasatuta) eta etxebizitzetarako akzesibilidadea hobetzea, ranpak eta igogailuak jarrita. Horretaz gain Elizatxo erdialdeko zonaldean plataforma bat eraiki dute eta plataformako zutabeen azpian lokalak egingo dituzte bizilagunentzat, horietako batean auzo elkartea egongo da. Izan ere, Udalak azaldutakoaren arabera zonalde hau baratza eta txabolaz beteta zegoen eta auzo barruraino ez zegoen kotxez sartzerik. Helburua izan da etxebizitza inguru horretatik txabolak eta baratzak kentzea, akzesibilidadean eta txukuntasunean irabazteko. Txabolak eta baratzak kenduta, Elizatxo erdialderako sarrera hobetu eta lur guztia berritu dute. Obra hauek bukatzeko bakarrik falta da, lurra ez irristatzeko materiala jartzea eta pareta txukun geratzeko falta diren plaketak jartzea. Oriamendi kooperatibako zonaldean aipatutakoaz gain, parkea berrituko dute. Izan ere lehen parkea maldan geratzen zen eta orain bi mailatan eta zuzen jarriko dute.
Zuhaitzak bota Bestetik Udalak jakinarazi du, bizilagunek eskatuta, auzoan dauden urki batzuk bota eta beste zuhaitz batzuk jarriko dituztela. Azaldu dutenez, urkiek auzoko beste zuhaitzei enbarazu egiten diete eta zenbait kasutan alergiak ere sortu dituzte. Latsunbe-Berrin ere gauza bera egingo dute eta hemen ere, azaldu dutenez, hiriguneetarako egokiagoak diren zuhaitzak jarriko dituzte.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!