37 hernaniar omenduko ditu igandean Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 21a, 03:00

Eskualdean 25, 40, 50 eta 75 aldiz odola eman dutenak omentzeko ekitaldia eta bazkaria antolatu dute igande honetan Andoainen. Odol emate kopurua jaitsi egin da aurten.

GIPUZKOAKO Odol Emaileen Elkarteak urtero omen-tzen ditu 25, 50 eta 75 aldiz odola ematen duten herritarrak. Hala ere aurten berritasun bat du omenaldiak, 40 aldiz odola eman duten emakumeak ere omenduko baitituzte. Emakumeek gizonezkoek baina gutxiagotan eman ahal izaten dute odola eta horregatik egin dute aldaketa hau. Guztira 37 hernaniar omenduko dituzte aurten eta denera 900 gipuzkoar. Lehengo urtean Anoetako belodromoan egin zuten ekitaldia eta bazkaria, baina aurten erabaki dute omenaldiak eskualde bakoitzean egitea, bereizita. Omenaldia eta bazkaria Hernani eta ingurukoek (250 pertsona guztira) Andoaingo Bastero kultur etxean jasoko dute saria: 25 aldiz odola eman dutenek diploma eta zilarrezko intsignia; eta 40 eta 50 aldiz eman duten gizon-emakumeek elkartearen oroigarri bat (eskultura txiki bat). 75 aldiz odola eman dutenei berriz Estatu mailan jasotzen dute saria, hala ere Gipuzkoako odol emaileen elkarteak asmoa du azaroa aldera pertsona hauekin ospakizun bat antolatzeko. Omenaldi ekitaldia 12:30etan hasiko da eta ondoren, 14:00ak aldera bazkaltzera joango dira guztiak Urnietako Oianume jatetxera. Gero dantzaldia izango dute. Odol emate kopurua jaitsi egin da aurten Gipuzkoako odol emaileen elkartearen datuen arabera aurtengo odol emate kopurua jaitsi egin da. Iaz urte sasoi honetarako 650 odol emate izan ziren Hernanin eta aurten 616. Gipuzkoan ere jaitsi egin dira odol emateak %4 inguru. Odol Emaile Elkartetik adierazi dutenez aurten bi hilabete izan dira oso txarrak: urtarrila eta abuztua, batean hotza eta elurra eta bestean beroa egin zuen: ´Hernanin hilabetean behin etortzen dira odola ateratzera eta egun horretan hotza, beroa edo eguraldi txarra egiten badu asko nabaritzen da ´ diote elkarte honetatik. Odola emateko osasunez ondo egotea nahikoa Osasunez ondo egotea nahikoa da odola emateko eta 18 eta 65 urte arteko adina izatea. Odola ematera joaten denari sendagileak galdeketa bat egiten dio eta bada-ezpada odol analisiak ere egiten zaizkio lehenago. Analisi horien bidez odol emailearen osasunean arazoren bat aurkitu ezkero, abisatu egiten zaio eta odola ez da erabiltzen. Hernanin hilabeteko lehen asteartean ematen da odola, anbulatorioan, arratsaldeko 18:30etatik 20:30etara. Odol bankoa, etengabe berritu beharreko altxorra Jasotako odola Gipuzkoako Odol Bankora joaten da. Banko horretan 7 egunetarako erretserba egon behar du gutxienez. Bertako odola etengabe berritu behar da, galdu egiten baita (plaketak 5 egunetan eta globulo gorriak 35 egun inguruan galtze dira). Horregatik izaten dira hain maiz odola emateko kanpainak eta deiak. Odol asko ematen da Euskal Herrian Euskal Herrian ematen da estatu mailan odola gehien. Datu ona da, baina baita arriskutsua ere Odol Emaileen Elkartearen hitzetan: ´Jendeak pentsa dezake odol faltarik ez dagoela, baina odola berritu egin behar da`. Bestalde iazko datuak ikusita Gipuzkoan odola jasotzen den 55 herritatik Hernani 41garren dago, 1.000 biztanleko odol emate kopuruan. Hala ere, datu hauek gorabehera asko izaten dituzte eta.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!