Jagoba Yubero eta Unai Alvarez 22 urtez azpiko Munduko Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 19a, 03:00

JAGOBA yubero eta Unai Alvarez pelotari hernaniarrak aukeratu dituzte 22 urtez azpiko Munduko Txapelketan parte hartzeko. Munduko Txapelketa Txileko Viña del Mar-en jokatuko da ostegunean hasi eta hilaren 29ra bitartean izango da. Jagoba Yuberok eskuz binaka jokatuko du eta Unai Alvarezek eskuz banaka. Mundialean Argentina, Mexiko, Venezuela, Txile, Ekuador, Kuba eta Frantziako pelotarien aurka arituko dira eta domina bat Hernanira ekartzeko aukera haundia dute. Baina txapelak etxera ekartzeko garaian, frantziarrak eta mexikarrak lehiakide gogorrak izango dira. Txapelketa hau Yubero eta Alvarezentzat azkeneko denboraldian egindako joko onaren saria da. Izan ere Yuberok Gipuzkoako Txapelketako finala jokatu zuen eta Alvarezekin batean bikotea osatuta, Euskal Herriko semifinaletara iritsi ziren. GRAVN txapelketan ere, 22 azpikotan, Gipuzkoaren izenean irabazi egin zuten bizkaitarren kontra. Bestetik gogoratu beharra dago Goiatz Mansizidor hirutan izan dela mundialetan: Arnedon eta Uruguayen 22 urtez azpikotan eta Iruñean nagusi mailan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!