BHk igandean izango den ‘Kaiera’ ekimenean parte hartzeko deia egin du

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 19a, 03:00

Euskal herritarren eskubide zibil eta politikoak defendatzeko ezinbestekoa ikusten du horrelako ekimen batean parte hartzea.

BILDU Hernanik, Kronikara bidalitako prentsa ohar batean, hernaniar guztiei igandean izango den Kaiera ekimenean parte hartzeko deia luzatu die. BHk gogorarazi du ekimen honekin salatu nahi direla ´Madrilen 200 euskal herritarren aurka hasi behar diren epaiketak`.

Eskubide zibil eta politikoak
Testuinguru honetan BHk azpimarratu nahi izan du epaiketa hauetan 9 hernaniar daudela auziperatuak eta elkartasuna adierazi nahi diete. BHk epaiketa hauek ulertzen ditu ´Madrileko gobernuak azken urte hauetan bideratutako politikaren azken emaitza` bezala eta gogorarazi du ´urte hauetan komunikabideak itxi` egin direla ´Egin edo Egunkariaren kasua; alderdi politikoak eta gizarte mugimenduak ilegalizatu dira: Batasuna, Gestorak, Haika, Segi... Atxilotu ugari torturatuak izan dira eta azken batean eskubide zibil eta politikoen etengabeko zapalkuntza bizi izan dugu` azaldu du Bildu Hernanik.
BHren ustez eraso hauen azken helburua da Euskal Herriaren nazio eraikuntzan ari diren mugimendu guztiak ezabatzea eta Euskal Herria ukatzea. Hori dela-eta, BHk dei egiten die ´euskal herritar guztiei nazio eraikuntzan inplikatzeko eta bide honetan ari diren ekimen eta mugimenduak indar berrituekin bultzatzeko`.

Bi zita igandean
BHk igande honetan bi zita nagusi gogorarazi nahi izan ditu: goizeko 10:00etan Egineko egoitza aurrean eta eguerdiko 12:00etatik aurrera Plaza Berrian. 


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!