ONGINTZA Patronatuko sarrera berria aurkeztu zuen atzo prentsaurrean Andoni
Amonarraiz, Ongintza Patronatuko Lehendakariak. Sarrera bakarra izango da
Ongitza Patronatuko zerbitzu sozialetarako eta Zaharren Egoitzarako.
Sandiusterrirako ere sarrera berria izango da, ondoan egin duten beste ate
batean. Horretaz gain aurreneko pisuan terraza jarri dute.
Obrak 223.000 euroko aurrekontua izan du eta Ongintza Patronatuak ordaindudu.
Diputazioari laguntza eskatu diote obraren finantziazioan laguntzeko.
Neguan paseatzeko lekua eta terraza egokituta
Ongintza Patronatuko sarrera egokitzeaz gain ondoan estalitako eremua jarri
dute zaharren egoitzan bizi diren edadetuek neguan paseatu ahal izateko, kalera
atera behar izan gabe. Lehen, eremu hori babestu gabe zegoen eta estaltzeko
jarri duten estruktura aprobetxatuta aurreneko pisuan terraza egin dute. Izan
ere, aurreneko pisua zen terrazarik ez zuen pisu bakarra eta orain pisu horretan
bizi direnek kalera atera ahal izango dute beste pisuetara jo beharrik izan
gabe. Hau bentaja da kontuan hartuta edadetu batzuek ibiltzeko arazoak dituztela
eta muleta eta aulkiekin ibili behar dutela.
Sandiusterri aretoan aldaketak
Sandiusterri aretoan ere izan dira aldaketak. Bertara sartzeko sarrera
berria jarri dute. Neguan paseatzeko egokitu duten eremu horretatik sartuko da
jendea aretora eta ekitaldiak daudenean libratu egingo dute paseatzeko eremu
hori. Sandiusterrirako komunak eta emergentzia irteera ere egokitu dituzte.
Horrela lortu dute Sandiusterri Zaharren Egoitzatik aparte jartzea.
Horretaz gain Sandiusterri aretoko bigarren pisuko 12 bat aulki kendu eta
Zaharren Egoitzako jangela haunditu dute. Jangela hau egongela izango da
etorkizunean.
Lehendakariak azaldutakoaren arabera asmoa da 2006-07ko aurrekontuetarako
Sandiusterriko sonorizazioa hobetzeko partida gordetzea.
Eguneko zentroa haunditu
Atzoko aurkezpenean duela 8 bat hilabete egindako beste obraren baten berri
eman zuten. Izan ere, Eguneko Zentroa haunditu eta 30 pertsonentzako zerbitzua
zena orain 50 lagunentzako zerbitzu bihurtu da.
Zaharren Egoitza haunditu
Zaharren Egoitza haunditzeko asmoa ere badu Ongintza Patronatuak baina
Andoni Amonarraizek azaldutakoaren arabera Diputazioaren zain daude proiektua
Diputazioak eskatutako oinarrien barruan sartzeko.