Kaiera koadernoa igandean iritsiko da Hernanira eskubide zibil eta politikoen aldeko ekimenean

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 20a, 03:00

Igandean goizeko 10:00etan iritsiko da Egineko egoitzara. Hernanin 9 inputatu daude 18/98 sumarioetan eta horietako bat, Araitz Zubimendi, kartzelan dago.

KAIERA koadernoa datorren igandean iritsiko da Hernanira. 18/98+ plataformak antolatutako ekimen honen helburu nagusia da eskubide zibil eta politikoen defentsa kalera ateratzea. Izan ere, plataformak gogorazi duenez, 18/98 sumarioen barruan 220 pertsonatik gora daude inputatuta eta legez kanpo utzi, itxi edo horren arriskuan daude hainbat erakunde, elkarte eta enpresa. Hernaniri dagokionean 9 dira sumario hauen barruan inputatuta dauden pertsonak eta horietako bat, Araitz Zubimendi, kartzelan dago.
Sumario hauetan biltzen dira honako erakunde hauen kontrako auziak: Egin, Egunkaria, Joxemi Zumalabe, ABK, Bai Euskal Herriari, Haika, Jarrai, Segi, Gestorak eta Batasuna, besteak beste.

Herritarren aportazioak
Kaiera koadernoa igandean iritsiko da Hernanira Nafarroako hainbat herri eta Donostia zeharkatu ondoren. Goizeko 10:00etatik aurrera hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Koro Etxeberriaren hitzetan, Hernaniko Kaieraren inguruko egitaraua antolatzen aritu dena, ´asmoa da Kaiera koadernoa jendearen aportazioz betetzea, jendeak gauza asko pentsatu eta sentitu baitzituen pertsona horiek inputatu eta erakunde horiek kondenatu zituztenean. Orain dute aukera hori guztia esateko, norbera hobekien sentitzen den moduan: esaldi bat, bertso bat, marrazki bat edo argazki bat izan daiteke` adierazi du.
Koro Etxeberriak azaldutakoaren arabera, Hernanin, beste herrietan bezala, jendea gonbidatu dute aldez aurretik Kaieran bere aportazioak egin ditzan: abesbatzak, antzerki munduko jendea, musikariak, sagardogileak, bertsolariak, kazetariak, dantzariak, alkateak, unibertsitate irakasleak, herriko merkatariak, sindikatuak, argazkilariak eta marrazkilariak, besteak beste.

Kaiera sinbolo bat
Koro Etxeberriak dio Kaiera sinbolo bat dela ´horren atzean bilatzen dena da 18/98 sumarioa artxibatzea eta bertan behera uztea. Eskubide politiko eta zibilen aldeko ekitaldia da, ez daitezen egunkari, irrati edo erakunde gehiago itxi` adierazi du.

Kaieraren inguruko egitaraua, igandean

10:00etan Egineko egoitzan
Kaierari ongietorria egingo zaio Egineko egoitzan. Javier Salutregi, Egineko zuzendariak ekarpena egingo du eta interbentzioa egingo du, beste hainbat langile izandakoekin batean. Kaiera herrira abiatuko da kotxe ilaran.

11:00etan, plazan
Ongietorria egingo zaio Kaierari plazan eta alkateen ekarpenak jasoko dira. Segidan inputatuek hartuko dute Kaiera eta Plaza Berrira eramango dute.

12:00etan Plaza Berrin
Gazteek jasoko dute Kaiera eta aurkezpena eta ekarpenak egingo dituzte. Araitz Zubimendi gogoratuko da ekitaldian eta segidan Kaiera oholtza gainean jarriko da. Herritarrak iladan jarriko dira ekarpenak egiteko. Herritarrak aportazioak egiten dituzten bitartean herriko talde eta pertsonen emanaldiak izango dira: Ttarla dantza taldea, Akelarrea, abesbatzak eta graffiti bat osatuko da, besteak beste.
Molotoff irratiak (99.2 FM) saio berezia eskainiko du igandean, goizeko 10:00etatik aurrera.

13:30etan, Plaza Berrin
Amaiera ekitaldia egingo da eta Iñigo Iruinek interbentzioa egingo du. Bukatzeko sagardogile eta elkarteek antolatuta pintxo eta sagardo jana izango da denentzat.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!