JON Zabaleta marrazkilari hernaniarraren erakusketa jarri dute Donostiako
Koldo Mitxelena Kulturunean. Jon Zabaletak azken 15 urteetan egindako ibilbide
pertsonala ikusi daiteke erakusketa honetan, bere ibilbidean hain ezaguna ez den
aldea, hain zuzen. Erakusketaren gaia ‘Manuel-memoria‘ da eta, artistaren
hitzetan, bere familiako eta bere buruaren memoria berreskuratzeko saioa da.
Erakusketa bihar, osteguna, inauguratuko da, arratsaldeko 19:30etan eta
urtarrilaren 7ra arte izango da ikusteko aukera.
Euskal kulturaren esparru guztietan lanean
Erakusketaren antolatzaileek azaldu zuten Jon Zabaletak euskal kulturaren
industriaren arlo guztietan egin duela lan: aldizkarietan, liburuetan, diskoen
azaletan eta egunkarietan ikusi ahal izan dira bere lanak. Azaldu zuten Jon
Zabaleta erreferentzia izan dela mundu horretan lan egin duten artista
guztientzat. Euskal mitoekin egin zuen lana garai hartan Zabaletak, magia,
mitologia eta ametsak baitziren bere lanen gaia.
Manuel-memoria
Jon Zabaletak Koldo Mitxelenan jarritako erakusketan, ordea, bestelako
gauzak erakusten ditu. Antolatzaileen hitzetan azken 20 urteetan bere familiako
memoria berreskuratzeko egindako lanaren isla baita erakusketa hau, oso
pertsonala.
Honen harira Jon Zabaletak azaldu zuen Manuel Larburu, osaba izandakoaren
historia. Zabaleta Lesakako baserri batera bizitzera joan eta jakin zuen han
inguruan, Urruñan, desagertutako bere osabaren berri. Hari batetik eta bestetik
tiraka jakin zuen Gerra Zibiletik exiliatuta bizi zela, bere etxean II. Munduko
Gerrako abiadoreak gordetzen zirela, eta norbaitek salatuta alemanek eraman egin
zutela. Jon Zabaletak adierazi zuen ´istorio hau familian ezkutuan` zegoela eta
bere lana izan dela Manuelen memoria, azken finean berea, berreskuratzea. Izan
ere Jon Zabaletak azaldu zuen, artistek askotan ateratzen dutela falta zaiena
eta berari Manuel falta zitzaiola esan zuen.
Teknika ezberdinak
Erakusketan teknika askotariko lanak ikusi daitezke: rotuladorez
marraztutako marrazkia, aldizkari eta komikiekin egindako collageak, buztinezko
figurak, bideo montajeak eta argazkiak, kartoiez egindako estrukturak.
Bere lanekin, marrazkiekin, elkarrizketekin, argazkiekin, testuekin eta bere
lanaren analisiekin liburu-katalogo bat argitaratu du Koldo Mitxelena
Kulturuneak eta Gipuzkoako Diputazioak.