ESKOLA kirolak hamargarren denboraldia du aurtengoa eta balorazio garaia ere
bada. Programaren ardura herriko ikastetxeek, Foru Aldundia eta Udalak dute,
(Kirol Patronatuaren bidez), eta Manolo Aierbe aritzen da koordinazio lanetan.
Aierberen esanetan, hamar urteotako ibilbidea oso positiboa izan da gauza asko
lortu eta finkatu direlako: «lortu da adin horretako ume askok konpetiziokoa ez
den kirola egitea eta kirol asko ezagutzea. Parte hartzea altua da eta horri
eutsi egin zaio 10 urte hauetan. Ederra da ikustea larunbatero kiroldegia eta
beste kirol instalazioak umez beteta daudela».
Bestetik, eskola kirolak bere entrenamenduak ere baditu, alde horretatik, gaur
egun, egunero 17:00etatik 19:00etara kirol instalazioak eskola kirolarentzako
daude.
Eskola kirolean klubek ere paper garrantzitsua jokatzen dute, batez ere alderdi
teknikoa, zuzenean edo zeharka, askotan klubek ematen dutelako. Eta urteko
kalendarioa finkatzerakoan ere klubekin adosten da, denen interesak kontuan
hartuta. Alde horretatik, Eskola kiroleko antolatzaile eta klubekiko
elkarlanarekin pozik dagoela ere nabarmendu du Manolo Aierbe koordinatzaileak.
Era berean uste du, eskola kirola klubentzat ere oso programa interesgarria
dela, harrobi lana egiten duelako.
Zer hobetua ere bai
Hamar urteoan eskola kirolean dena ez da izan, ordea, ederra eta polita, eta
arduradunek ikusten dute zer hobetua. Batez ere bi herren ikusten dituzte, eta
izatez Hernaniko kontua bakarrik ez omen direnak, orokorrak baizik. Batetik,
guraso askoren jarrera da aldatzea lortu ez dutena. Eskola kirola ez da
konpetizio kirola, txapelketak egon arren, eta besterik gabe umeek kirola egitea
da helburu nagusia. Guraso askok, ordea, ez dute hori horrela bizi, eta horrek
gorabeherak sortzen ditu. Nolanahi ere, antolatzaileek aitortzen dute, ez dela
konponbide errezeko kontua.
Eskola kiroleko beste pieza garrantzitsua begiraleak dira. Denera 45 inguru
daude, eta azken batean, berak dira zuzenean umeekin lan egiten dutenak:
entrenamenduetan, partiduetan... Egoera da, kasu askotan begiraleak 16-18 urteko
gaztetxoak direla eta zenbaitetan lanak izaten direla behar besteko kalitatea
emateko. Materiala badago, ikastaroak ere egiten dira, baina, herrenak hor
jarraitzen du. Semi-profesionalizazioa ikusten dute batzuk konponbide, eta Foru
Aldundia gai horrekin lanean ari da. Irizpide horiek berak markatzen ditu, azken
batean.