HERNANIKO kirol instalazioak umez beteta egongo dira gaur goizetik eguerdira.
Eskola Kirolak gaur ekingo dio denboraldi berriari, hamargarrena aurten. Parte
hartzea urtero bezain oparoa izango da: denera, 600 ume inguru, 8-16 urte
bitartekoak. Horretaz gain, programa berean sartzen dira Hernanin eskolatutako
6-7 urteko ume guztiek igeri ikastea ere, eskola ordu barruan.
Ume gehiena benjaminetan eta alebinetan izaten da, kategoria txikienetan.
Benjaminetan (8-9 urtekoak) parte hartzea % 50 hazi da eta iaz 12 talde baziren,
aurten 18 izango dira: 250 ume inguru. Talde bakoitzean 10-12 ume izaten dira,
baina gero kirol indibidualak daude: atletismoa, gimnasia, igeriketa... Parte
hartzea haunditze horrek, orain arteko antolaketa egitura moldatu beharra ere
ekarri die antolatzaileei.
Alebinetan ere parte hartzea altua da, eta 200 ume pasa apuntatu dira aurten
ere. Jubenil eta kadeteetan kopurua asko jeisten da. Batzuk zuzenean klubetara
jotzen dute, baina, Hernaniz kanpora matrikulatzeko joerak ere zerikusia baduela
uste dute antolatzaileek.
Datu absolutuak horiek badira ere, neska eta mutilen kopurua ere adierazgarria
da. Eskola kirolean ere, neska baino mutil gehiago dabil, eta batez ere 10-11
urtetik aurrera oso nabarmena da hori. Mutil kopurua ia doblea da. Gimnasia
erritmikoan berriz, justu kontrakoa gertatzen da: denak neskak dira. Nolanahi
ere kirol honek tratamendu berezia du Eskola kirolaren barruan.
Ikastetxeak, Diputazioa eta Udalak, kluben laguntzarekin
Eskola Kirola, berez, ikastetxe, Foru Aldundia eta Udalaren arteko elkarlan
programa da, eta herriko klubek ere parte hartze haundia dute eta batez ere
laguntza teknikoa da ematen dutena. Partiduen egutegia ere klubekin adosten da.
Ikastetxe guztietako umeak biltzen ditu, eta oinarri nagusi ditu: umeek
konpetiziokoa ez den kirola egiteko aukera izatea, eta kirolak ezagutzea. Hain
zuzen ere, eskola kirolaren ezaugarrietako bat umeek ikasturtean zehar kirol bat
baino gehiago egitea da, salbuespenak salbuespen. Bestalde, talde askotan neskak
eta mutilak elkarrekin jokatzen dute.
Herrian dauden kirolak
Eskola kirolean umeak kirol aukera haundia dauka: saskibaloia, boleibola,
futbola, gimnasia erritmikoa, igeriketa, errugbia, judoa, karatea, pelota eskuz
eta palaz, atletismoa, eta beste abar luzea. Aipatutako kirol horiek denak
egiten dira, eta eskola kirolean ere saiatzen dira horiek bultzatzen. Batetik,
umeak kanpora joaten ibili beharrik ez izateagatik, eta aurrera begira ere
segida izateko modua dutelako. Hala ere, umeak eskubaloia edo Hernanin egiten ez
diren kirolak ere aukera litzake, noski, eta posible bada, bailarako beste
herriekin elkarlanean antolatzen dituzte gero.
Gehienek futbola
Benjaminetan, umeei programa egina ematen zaie, baina, alebinetatik aurrera
umeek berak aukeratzen dute zer kirol egin eta gehienek aukeratzen dutenetako
bat futbola da, eta alde haundiarekin. Horrek antolaketa bera ere moldatu
beharra dakarkie antolatzaileei.
Zenbait kirolekin ligaxkak eta txapelketak ere antolatzen dituzte. Herri mailan
hasi eta,
eskualde, probintzia eta EAE maila arteraino.