OSTEGUNEAN 2006rako ordenantza fiskalak aldatzeko plenoa izan zen Udaletxean
eta bertan onartu zen ura eta zaborraren tasak %8,77 eta %10,94 igotzea hurrenez
hurren. KPIa (IPC) %3,2an dago, beraz, indize horren gainetik igo dira tasa
hauek.
Udaletik adierazi dutenez ura Añarbek gestionatzen du eta Udalak kuota bat
ordaintzen dio mankomunitate honi, aurten kuota hori %14,21 igo dute, depuradora
berriaren gastuei aurre egiteko, horregatik igo da hainbeste uraren tasa. Iaz
10% igo zen uraren tasa, arrazoi berberarengatik. Zaborrarekin beste hainbeste
gertatzen dela esan dute Udaletik, San Markosek %14,21 igo duela kuota eta horri
aurre egiteko igo dela zaborraren tasa.
Eztabaida plenoan
Atzoko plenoan Kirol Patronatuko tasen igoera ere onartu zen. Buruntzaldeko
herri guztien artean adosten da igoera eta aurten urte guztirako abonatuentzat
%6,64 igo dira, baita Hernanin ere. Urte erdiko abonatuentzat Buruntzaldeak
adostu zuen %16 igotzea, baina eztabaida izan zen eta plenoak kontra bozkatu
zuen. Azkenean KPIaren portzentai berdinean igotzea erabaki zuten, %3,2. Orain
ikusi beharra dago Buruntzaldeko asmoarekin nola egiten duen bat plenoan
onartutakoak.
Zabor eta uraren tasen inguruan ere eztabaida izan zen. Zabor tasen igoerari
ezetz esan zioten oposioko alderdiek eta EB abstenitu egin zen. Uraren igoera
berriz PSE-EEk ezezko botoa eman zuen era PP abstenitu egin zen.