‘Gure artean euskaraz’ egitasmoa martxan jarri dute hirugarren aldiz

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 14a, 03:00

ATZO aurkeztu zuten, Udaletxeko pleno aretoan, Gure artean euskaraz programako aurtengo edizioa. Eta bertan izan ziren egitasmoa aurrera ateratzeko laguntzen duten Elkarte eta erakundeetako ordezkariak: Dobera Euskara Elkartea, Udal Euskaltegia, AEK eta Udaleko Euskara Zerbitzua.

Ezagutzatik erabilerara tarte haundiegia
Atzoko aurkezpenean Idoia Illarramendik hartu zuen lehenengo hitza eta Doberaren partetik esan zuen egitasmoa martxan jartzea erabaki zutela 2001ko azterketa batek esaten zuelako euskara erabilera ez zela ezagutzaren erdira ere iristen eta helduen artean erabilera bultzatu behar zela ikusi zutelako.
Programak bi adar ditu: alde batetik euskaltegietako ikasleak eta bestetik ikastetxeetako gurasoak. Illarramendik adierazi zuen egitasmoak ez duela euskaldun berrien artean bakarrik eragin nahi: ´euskaraz hitz egiteko ohitura galdu duten euskaldun zaharrek horretarako gune bat izango dutela ere ziurtatu nahi dugu`, esan zuen.
Programa honetan parte hartzen dutenak taldeka bilduko dira eta talde bakoitzean laguntzeko prest dagoen euskaldun zahar bat egotea nahi dute egitasmoaren arduradunek: ´lehengo urtean arazoak izan genituen figura hori betetzeko eta aurten dei berezia egin nahi dugu euskaldun zaharrak animatu daitezen egitasmoan laguntzera`, esan zuen Doberako ordezkariak.

Euskaltegietako hormetatik ateratzeko aukera
Ohiana Romerok, euskaltegien izenean esan zuen egitasmo honek aukera ematen diela ikasleei euskaltegietako hormetatik atera eta euskaldun zaharrekin hitz egiteko, kaleko hizkera erabiliz.
Bukatzeko, Txema Mercado, euskara zinegotziak hitz egin zuen. Mercadok eskerrak eman zien euskaraz hitz egiten duten euskaldun zaharrei: ´oso erraza da euskaldun berrien aurrean erdarara jotzea eta euskaraz hitz egiteko ahalegina egiten dute` esan zuen. Udalak euskara arloan bi helburu nagusi dituela azaldu zuen zinegotziak, ezagutza bultzatzea, baina baita erabilera sustatzea ere. Alde horretatik esan zuen aitzakia asko daudela euskaraz ez egiteko, baina ´lotsa galdu` behar dela. Horregatik zorionak eman zizkien egitasmoaren arduradunei eta jendea animatu zuen bertan parte hartu dezaten.

Izena emateko epea urriak 30ean bukatuko da

EGITASMOAREN antolatzaileek esku orriak banatuko dituzte Doberan, euskaltegietan eta ikastetxeetan. Esku orriak beteta eman daiteke izena, urriaren 30a arte. Hala ere, beranduago parte hartzeko aukera ere badago, egitasmo irekia baita. Bi parte hartzaile bereizi dituzte: bata laguntza nahi duena eta bestea laguntza emateko prest dagoena
Atzoko prentsaurrekoan azaldu zutenez, seguruenik azaro erdialdera hasiko dira lan-taldeak biltzen. Lan-talde txikiak izango dira hiru edo lau pertsonatakoak eta ordutegia eta maiztasun malgua izango da, talde bakoitzak erabakiko du noiz eta non bilduko den.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!