Langabezia gutxi baina igo egin da azken urtean eta 753 langabetu daude orain

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 12a, 03:00

Langabezia tasa %0,3 igo da iazko irailetik aurtengora, INEMeko datuen arabera. Emakumeen langabezia portzentaiak gizonezkoena ia bikoiztu egiten du Hernanin.

LANGABEZIA tasa igo egin da Hernanin azkeneko urtean INEMeko datuen arabera. Joan den irailean 728 ziren Hernanin langabetuak eta enplegurako institutu honek eman dituen azken datuek diote 753 pertsona daudela momentu honetan paroan. Beraz langabetuen tasa %8,05etik %8,3ra igo da urte betean. Hala ere, langabeziak goranzko joera izan duen arren, azken hiru hilabetean zertxobait jaitsi da, ekainean 762 langabetu erregistratu baitziren INEMen Hernanitik eta irailean 10 pertsona gutxiago zeuden egoera horretan. Sektore bakoitzari begiratuta, langabezia datuek diote zerbitzuetan dagoela langabezia kopururik handiena (465 langabetu), honi jarraitzen dio industriak 181 langabeturekin. Gainerako sektoreetan langabetu kopurua ez da oso altua eta aurretik lanik izan ez dutenen artean langabezia jaitsi egin da. Gipuzkoarekin konparatuta, langabezia gehiago Hernanik langabetu tasa altua izaten jarraitzen du Gipuzkoarekin konparatuta. Gipuzkoan irailean 23.288 langabetu zeuden, biztanleria aktiboaren %6,87a, beraz, Hernanin baina ia puntu eta erdi gutxiago. Orain arte normalean udazkeneko datuek langabezi igoera bat erakutsi dute, aurten ez da horrela izan, ez Hernanin eta ezta Gipuzkoa mailan ere. Sindikatuen hitzetan enpresek udako oporrekin ´fraudea` egiten dute, langileak bota eta berriz kontratatzea merkeago dutela diote. Emakumezkoen langabezia portzentaia LANGABEZIAK batez ere gazteen eta emakumeen artean eragiten du. Iraileko datuek emakume langabetuak askoz gehiago direla diote berriro ere, 753 langabetuetatik 468 emakumezkoak dira. Urte honetan gainera emakumezkoen portzentaiak gora egin du langabetu kopuru osoan: Abenduan %59,6 ziren emakumezkoak langabetuen artean; martxoko datuetan azaltzen da %60,9 zirela eta ekainekoetan berriz %61,8; azkenik iraileko datuak ditugu, %62,1. Beraz, bi puntu eta erdi igo da emakume langabetuen portzentaia langabetu kopuru osoari begiratuta. Gainera, estatistiketan ikusten da portzentaia horrek goranzko joera izan duela.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!