Argazki rallya izango da igandean eta iazkoak baino sari potoloagoak banatuko dira

Kronika - Erredakzioa 2005eko urriaren 10a

DATORREN igandean, urriaren 16an, bosgarren argazki rallya izango da. Argazki rallyak urtetik urtera parte hartze aldetik arrakasta haundiagoa du. Marisol Yaben argazkilariak eta antolatzaileak adierazitakoaren arabera, aurreneko urtean 30 bat partehartzaile izan ziren eta iaz 70 pertsonek eman zuten izena. Aurten gainera sariak hobeak izango dira eta espero dute jende askok parte hartzea. Argazki rallya Hernaniko Udalak antolatzen du eta laguntzen dute: Yaben English School, Foto J.A Torres, Santa Barbara elkartea, Altzueta sargadotegia eta Portalondo tabako dendak. Igande goizean arkupetan Argazki rallyan argazki zale guztiek hartu dezakete parte. Horretarako igandean goizeko 09:00etatik 09:30etara Udaletxeko arkupe txikira joan behar da eta bertan karretea hartu. Karreteari zenbaki bat jarriko diote eta antolatzaileek jarritako gaiei lotutako argazkiak atera beharko dira, Hernani eta inguruetan. Parte hartzeko argazki kamara analogikoa behar da, ez digitala. Izen emateak 3 euro kostatuko zaie helduei eta dohainik izango da haurrentzat. Eguerdiko 11:00ak aldera hamaiketakoa izango dute parte hartzaile guztiek, Santa Barbara elkartean. Karreteak eguerdiko 13:00etatik 13:30etara jasoko dira. Erakusketa eta sari banaketa Argazki rallyko epaimahaia Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko bi kidek eta Hernaniko argazkilari batek osatuko dute. Epaimahaia urriaren 28an bilduko da rallyko irabazleak zeintzuk diren erabakitzeko. Saritutako argazkiekin eta parte hartzaile guztien argazki banarekin erakusketa egingo da Biterin. Erakusketaren inaugurazioan, azaroaren 4an, izango da sari banaketa. SARIAK Helduak(14 urtetik gora): -Bilduma onena: 150 euro -Bigarrena: 120 euro -Hirugarrena: 90 euro -Hernaniar batek egindako argazki bilduma onena: 120 euro eta trofeoa. Haurrak (13 urte arte): - Aurreneko hiru bilduma onenentzat: argazki materiala eta trofeoa. -Parte hartzen duten haur guztien artean sariak banatuko dira eta sari banaketara joaten diren denentzat izango da oparitxoren bat.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!