Mutilen taldeak larunbatean hasiko du liga Bilboko Rekalderen kontra

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 13a, 03:00

DATORREN larunbatean, hilak 15, hasiko dute Euskadiko lehen mailako liga eta denboraldia EHU-UPV Hernani taldeko kideek. Liga, berez, aurreko astean hasi bazen ere, Hernaniri deskantsua egitea egokitu zitzaion eta asteburu honetan Bilboko Rekalde Boleibol taldearen kontra jokatuko dute. Bajak eta jokalari berriak aurten Iaz Hernanin jokatu zuten bi jokalarik, Lauri Matias-ek eta Agustin Olanok (Hernaniko kapitaina izan da azken urteetan) , ez dute aurten jokatuko. Boleiboleko arduradunen hitzetan baja garrantzitsuak dira bi jokalari hauenak, pasatzaile postuetan jokatzen baitzuten eta ´postu horiek oso garrantzitsuak dira boleibol talde batean`, diote. Hala ere, postu horiek betetzeko eta taldea indartzeko hainbat jokalari gehitu zaizkie, batez ere erasora begira. Bulgariatik etorritako Alekxandar Metodiev jokalaria izango da aurten Hernanin alde batetik, eta jubenil mailatik nagusietara igotako Sergio Jara eta Iban Almendro bestetik. Boleiboleko arduradunek esan dute jubeniletatik jokalari batzuek aukera izango dutela noizbehinka goiko mailetan jokatzeko, modu horretan nagusien mailari ´neurria hartu` ahal izango diote jokalari hauek. Entrenatzaile berria Baina nobedadeak ez dira soilik jokalarien artean izango. Aurten EHU-UPV Hernanik entrenatzaile berria izango du, Nicolas Petersen argentinarra. Entrenatzailea ´ilusio eta gogoz` hasi dela bere lanean adierazi dute boleibol taldetik eta uste dute argentinarraren jardunarekin emaitza onak lortuko dituztela denboraldi honetan. Larunbateko partidua Rekalderen kontrako partidua ez dute erraza izango, kontuan izanda lehenengo partidua dela; gainera Rekalde ligako lehen partidua irabazita dator Hernanira. Honela dijoa liga: Sapuherri 2 puntu; UPV Bizkaia 2; Rekalde 2; Berezi 1; Galdakao 1; eta Astillero 1. Punturik gabe oraingoz: Corrales, Hernani, Universidad de la Rioja, Santanderina eta Sestao . 2005-2006 denboraldirako jokalariak Hamabi jokalarik osatzen dute oraingoz UPV-EHU Hernaniko plantila. Baina taldeko arduradunek adierazi dute zerrenda ez dagoela itxita eta denbora dagoela urtarrila arte taldea osatzen joateko. Jokalariak: Iñigo Aizpurua, Tai Yang Alvarez, Jon Arca, Imanol Egaña, Borja Martin, Iñigo Martin, Alai Zubimendi, Iban Uzkudun, Alekxandar Metodiev, Fermin Almandoz, Sergio Jara eta Iban Almendro.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!