Depresioa duten adinekoei laguntzeko ikastaroa antolatu dute

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 11a, 03:00

Ikastaroa datorren astelehenean hasiko da eta bost egun iraungo ditu. Adinekoen senideei, ikasleei eta interesa duen guztiari dago zuzendua.

DATORREN astean ikastaro bat antolatu dute Biterin depresioa eta antsiedadea duten adinekoei laguntzeko. Ikastaroa Lahar elkartearen eskutik dator eta Diputazioko Ekimen Sozialerako Planak finantzatuko du. Lahar elkarteak psikosozial arloan hamar urte daramazki horrelako ekimenak aurrera ateratzen eta Hernanira ekarriko duen kurtsoa beste zenbait herritan ere eskaini du dagoeneko. Bost egunean, hiru orduz eta dohainik Ikastaroa hilaren 17an, astelehena hasiko da eta bost egun iraungo ditu, ostirala arte. Biteri Kultur Etxean izango da eta saio guztiak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira 20:00ak arte. Ikastaroa dohainik da eta plaza kopurua mugatua du, 20 pertsona. Apuntatzeko honako telefono zenbakira deitu daiteke: 943 474182. Pedro Bilbatua Flores psikologoa izango da Hernanin hizlari. Bilbatuak Lahar elkarteko koordinatzaile lanak egiten ditu eta hainbat ikastaroren arduraduna da. Depresioa eta antsiedadearen aurrean nola portatu Ikastaro honekin lortu nahi dena da, depresio edo antsietatea duen adineko baten aurrean nola portatu behar den eta zein jokabide den egokiena ikasteko. Antolatzaileen hitzetan ´jendeak intentzio oso onarekin lagundu nahi izaten du adinekoa, baina askotan ez du behar bezala egiten eta kalterako izaten da hori`. Ikastaroan zehar hainbat patologia landuko dituzte eta dementzia kasu batzuk ere bai. Lan-talde dinamikoak ere sortuko dituzte bakoitzak bere esperientzia azaldu dezan eta saioak erakargarriagoak izateko: ´Ez da bakarrik teoria izango, parte hartzea bultzatu nahi dugu`, diote antolatzaileek. Asistentzia agiria parte hartzaileentzat Lahar elkartetik jakinarazi dutenez, ikastaroan izan diren guztiek zertifikatu edo agiri bana jasoko dute bertan parte hartu dutela egiaztatzen duena. Pedro Bilbatua, hizlaria: «Ezjakintasun haundia dago» Zergatik antolatu duzue horrelako ikastaro bat, beharra ikusi al duzue? Hernanin antolatu dugu herri nukleo garrantzitsu bat delako. Kurtsoa antolatu dugun beste lekuetan oso harrera ona izan duenez, pentsatzen dugu hemen ere izango duela. Eta zein dira ikastaroaren helburu nagusiak? Ikastaro honekin batez ere pauta batzuk erakutsi nahi dira, ikastarora etortzen denak trastorno horiek dituen adinekoarekin zein jokabide izan behar duen ikasiko du. Kontuan izan behar da adinekoen portzentai haundi bat dagoela egoera horretan. Zure ustez ezjakintasun haundia al dago gai honen inguruan? Nik uste dut termino hauek ezagunak direla, baina jendeak ez daki zer esan nahi duen, ezjakintasun haundia dago. Gainera ikusten ez diren trastornoak dira eta askotan gaixoak berak ezkutatzen du bere egoera, senideak ez molestatzeko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!