‘Kaiera’ koaderno bat da eta bertan jendeak bere aportazioak egin ditzake. Euskal Herrian zehar ibilbide bat egingo du ‘Kaierak’ eta urriaren 23an iritsiko da Hernanira.
18/98+ plataformak datozen egunetan martxan jarriko duten ekimen berri bat aurkeztu zuen ostegunean Biterin. Ekimena aurkezten izan ziren Marian Beitialarrangoitia eta 18/98 sumarioetan inputatutako Juanpe Plaza, Juan Mari Larrarte eta Iñigo Elkoro. Bertan jende mordoa izan zen (aktoreak, sindikalistak, bertsolariak...)
Kaiera izeneko ekimenarekin nahi dutena da 18/98 sumarioen kontrako mobilizazio haundi bat sortu eta koaderno bat (Iparraldean kaiera deitzen zaio) jendearen aportazioz bete. Biterin azaldu zutenez norberak nahi duen aportazioa egin dezake (esaldi bat, poesia bat, zita bat, testuak, marrazkiak...). Helburua da koadernoa sumarioaren kontrako edukiz betetzea.
Inpultso politiko
bat atzean
Larrartek ostegunean nabarmendu zuen Garzonek ezin izan duela sumario horiek eta ekarri duten guztia berak bakarrik egin eta atzean inpultso politiko bat dagoela: ´hemengo izaera garatzen ari den mugimendu zabal bat desegiteko`, esan zuen.
Urriaren 23an Hernanira
Kaiera urriaren 23an iritsiko da Hernanira eta eguerdiko 12:00etan izango da ekitaldi nagusia Plaza Berrian, aportazioak egiteko unea. Dena den, antolatzaileek jakinarazi dute datozen egunetan orri batzuk banatuko dituztela aportazioak egiteko eta orri horiek urriaren 23an aurkeztu daitezkeela. Mobilizazio jendetsua egin nahi dute eta edukiak aurkezteko ilara luze batek sumario horien kontrako gizartearen gaitzespena irudikatzea da asmoa.
Durangon amaierako jaia
Durangon izango du amaiera Kaieraren ibilaldiak eta festa erraldoi bat antolatuko dute bertan. Kaierak sarrera bat izango du 100 pertsona ospetsuren aportazioekin eta azala hainbat artistek egina da.
18/98 sumarioak ulertzeko azalpena
OSTEGUNEKO aurkezpenean sumarioen egoera juridikoa azaldu zuen Iñigo Elkorok. Prozesua 1998an hasi zela azaldu zuen, hainbat enpresen eta Eginen itxierarekin. Gero etorri ziren Xaki, AEK, Kalegorria eta Zumalabe kasuak. Baina Gartzonek hesi bat aurkitu zuen Tribunal Konstituzionaleko 4garren sekzioan. Hori ekiditeko, kasu bakoitzarekin sumario bana irekitzen hasi zen (Segi, Egunkaria...), 4garren sekziora iritsi ez zitezen. Elkorok azaldu zuen sumario guztiak bat direla. ETAren helburu berak izatea leporatzen dietela esan zuen Elkorok, baina Garzonek poliziaren txostenak edo torturatuen deklarazioak bakarrik erabiltzen dituela froga moduan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!