Zerbitzua astelehenetik aurrera jarriko da martxan, Antziola auzoko 62 zenbakian.
hELDUEN Hezkuntza Zentroak (EPA) ordenagailu gela eta liburutegia irekiko ditu astelehenetik aurrera, erabili nahi dituenarentzat. Bete beharreko baldintzak dira 18 urte beteta izatea eta erabiltzaile txartela izatea. Hortik aurrera zerbitzua dohainik da. Ordenadore gelak eta liburutegiak gauza asko egiteko aukera ematen du: entziklopedia kontsultatu, urtekariak eta datu baseak begiratu, multimedia materiala erabili, liburuak maileguan hartu, interneten nabigatu eta ordenadorean lanak egin, besteak beste.
Zerbitzua Hernaniko Udalaren laguntzarekin jarri dute martxan eta helburua du Hernanin dagoen kultur eskaintza publikoa zabaltzea. Bereziki zentrotik urruti dauden auzoetan pentsatu dute: Antziola, Sagastialde eta Etxeberri, esaterako.
Ordutegia
Zerbitzu honen ordutegia da: astelehenetik ostiralera goizeko 11:30etatik 13:30etara eta arratsaldeko 16:30etatik 21:00ak arte. Zentroa Antziola auzoko 62 zenbakian dago.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!