Rafafa magoak magia ikuskizuna eskainiko du igandean Garin tabernan

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 7a, 03:00

Umeentzako ikuskizuna izango da bereziki baina helduek ere gozatuko dute. Eguerdiko 13:00etan izango da.

RAFAFA magoaren magia ikuskizuna izango da igandean Garin tabernan. Haurrentzako ikuskizuna prestatu du bereziki baina helduek ere parte hartzeko modukoa izango da. Kartak, zapiak, pizarrak eta beste hainbat gauza erabiliko ditu Rafafak eta Hernanin egin dituen beste saioetan bezala denak harrituta utziko ditu. Emanaldia igandean, urriaren 9an, izango da. Eguerdiko 13:00etan, Garin tabernan. Umorea eta magia izango dira nagusi emanaldian.

Gero eta ezagunagoa
Rafafa magoa Hernani eta inguruetan gero eta ezagunagoa egiten ari da. Ez da aurreneko aldia Hernanin emanaldia egiten duena eta inguruko herrietatik ere eskatu diote joateko: Oiartzun, Donostia eta Lasartetik esaterako.
Magia munduan duela 5 bat urte hasi zen. Hasieran ospitaleetan aritzen zen clown edo pailazoarena egiten, ingresatuta zeudenak alaitzen. Hortik hasi zitzaion magiarako grina eta Gipuzkoako Mago Elkartean murgildu zen. Bertan Txan eta Marsel bezalako magoak topatu zituen eta haiekin asko ikasi zuela adierazi dio Kronikari. Liburuetatik ere asko ikasi omen du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!