GARAI batean Kaxkoan barrena jendea poteoan kantari ikustea oso ohikoa zen,
aspaldiko kantu zaharrak bat bateko abeslarien ahotan bizi-bizirik zeuden. Guzti
hau berreskuratzeko asmoz Kalez Kale kantari ekimena jarri du martxan kanturako
afizioa duen herritar talde batek. Aurreneko saioa datorren larunbatean,
urriaren 8an, egingo dute eta eguerdiko 12:00etan aterako dira Plaza Berritik.
Hortik aurrera zita hilabetero egingo dute, hileko bigarren larunbatean ordu eta
leku berean.
Eguerdi pasa kantari
Kalez Kale Kantari ekimenak asmoa du eguerdi pasa egiteko Kaxkoan zehar,
aspaldiko kantu herrikoiei hautsa kendu, abestu eta berreskuratzeko. Kantu
tradizionalak ahaztuta dituenak ere ez du parte hartu gabe geratzeko
aitzakiarik, izan ere kantuekin orriak banatuko baitituzte.
Hasteko 10 bat kantu prestatu dituzte: Txirritaren bertso erotiko batzuk, Pello
Sarriegiren Bartali, Benito Lertxundik abesten dituen Zuberoako 2 edo 3 kantu,
habanerak, Hegoak ebaki banizkio, Gona gorri eta Pello Joxepe, besteak beste.
Kanturako afizioa dutenez gain musikariak ere animatu nahi dituzte
larunbaterako: dultzainariak, trikitilari eta pandero joleak eta txistulariak
besteak beste, kantu eta kantu artean arin-arin eta fandangoren bat ere dantzatu
nahi lukete-eta.
Pavarottiren ahotsaren beharrik ez
Ekimenaren bultzatzaileek azaldutakoaren arabera ez da beharrezkoa kantuan
aditua izatea, ezta koru bateko kide izatea ere: ´beharrezkoa den bakarra
kanturako gogoa izatea da, beldurra eta belarri txarra izatearen mito hori alde
batera utzita` diote.
Beste herrien eredu
Larunbatean kalez kale kantari aritzeko ideia ez da berria. Antolatzaileek
adierazitakoaren arabera Urretxun badaramazkite 19 urte jarraian ekimen honekin
eta arrakasta haundiz gainera. Donostian ere ateratzen dira kalera kantatzera,
eta bertakoak animatuta hasiko dira orain Hernanin ere.