Bildu Hernaniri ´lotsagarri eta iraingarria` iruditu zaio azken Plenoan gertatutakoa

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 4a, 03:00

‘PSOEko kideen jarrera, Rekondo Alkatearena, eta beste alderdi politikoen isiltasuna’ salatu ditu BH plataformak.

BILDU Hernani plataformak adierazi du ´lotsagarria eta iraingarria` iruditzen zaiola azkeneko plenoan PSOEko kideek eta Alkateak izan zuten jarrera eta baita beste alderdi politikoen ´isiltasuna` ere.
Kronikara bidalitako idatzian BHk salatu nahi du PSOEren jarrera ´zapaltzailea eta errepresiboa berak eskatu baitzuen BHko zinegotzia zegokion lekutik bidaltzea` adierazi du. Horrekin batera dio PSOEk argi utzi duela ´bera izan dela ezker abertzalearen ilegalizazioaren aintzindaria eta bere aurpegi ilunena nabarmendu du, lehen GALekin egin zuen bezala eta orain ilegalizazioarekin eta milaka eta milaka euskal herritarren eskubideen zapalkuntzarekin`.
BHk dio ´Rekondo eta bera babesten duten taldeen jokaera` onartezina dela: ´behin eta berriz diote ilegalizazioaren aurka daudela baina gero ekintzetan ilegalizazioa eta eskubideen urraketa babesten dute` aipatu du. Horrekin batera diote ´egoera diktatorial honetatik probetxu politikoa eta pertsonala ateratzen` dutela.

´Rekondo bere burua zuritzen`
BHk dio ez dela konformatuko ´Rekondo jaunak berak bere burua zuritzeko eman nahi dizkigun ogi papurrekin`. Diote herritarrek aukeratutako zinegotziak direnez ´dagozkien eskubide guztiak modu batean edo bestean eskuratzen saiatuko` direla. Lotsagarria iruditzen zaie ´Rekondok merito bezala hartzea udal bilkuretan hitz egiten uztea`.

Ilegalizazioa gainditu
Azkenik diote badaudela moduak ilegalizazioa gainditu eta hernaniarren eskubideak babesteko eta azaldu dute BH prest dagoela beste alderdi politikoekin hitz egiteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!