ATZO bazkaldu zuten aurreneko aldiz Txirrita Eskolako haurrek jangela
berrian. Txirrita Eskolak ez du horrelako zerbitzurik izan orain arte eta guraso
elkartea eta ikastetxea bera pozik daude ´aspalditik datorren beharra` asetu
delako. Jangela zerbitzuarekin Txirrita Eskola herriko gainerantzeko ikastetxeen
pare dago zerbitzu mailan eta bertan bazkalduko duten 13 ikasleen gurasoek ez
dute eguerdiko joan etorririk egin beharko. Hori garrantzitsua da kontutan
hartuta Txirrita Eskolan ibiltzen direla, besteak beste, Epele eta Pagoagatik
datozen haurrak.
Jangela ikastetxeko laborategia zen horretan jarri dute eta obra gurasoek
bultzatu dute. Obra horiek egiteko dirulaguntza Udaletxetik eta Behemenditik
jaso dute. Diru laguntza horiei eta gurasoen lanari eskerrak laborategia zena
jangela bihurtu dute.
Lan askoren emaitza
Gurasoek aspalditik ikusten zuten beharra eskolan jangela jartzekoa eta urte
hasieran Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Delegaritzara jo zuten. Delegaritzak bi
aukera eman zizkietela adierazi diote Kronikari gurasoek: delegaritzak zuzenean
kudeatzea zerbirtzua jangela ikastetxean jarrita, edo ikastetxetetik kanpo
tabernaren batean antolatzea jangela delegaritzaren dirulaguntza jasota.
Gurasoek aurrenekoaren alde egin zuten baina delegaritzak erantzun zien ez
zutela aurrekonturik jangela egiteko eta gurasoek erabaki zuten laborategia
moldatzea jangela jartzeko. Horrela lortu dute delegaritzak jangela kudeatzea
eta zerbitzua ikastetxean bertan ematea. Gurasoek bultzatu dute proiektua beraz
eta Txirrita Eskolako Kontseju Eskolarrak bideratu du eskaera.
Jangela zerbitzua jartzeak bestetik ekarri du eguerdiko garraio zerbitzua
kentzea. Izan ere delegaritzak ez du jangelarako eta garraiorako dirulaguntza
batera ematen eta aukeratu egin behar izan dute. Gurasoen gehiengoak jangelaren
alde egin zuten eta hori dela eta guraso batzuek haurren bila joan beharko dute
eguerditan.