Alboka ahoan, behatzak dantzan

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 3a, 03:00

XIIgarren Alboka Topaketak Hernaniko kaleak girotu zituen atzoko egunean.

LARUNBATEKO ekitaldiaren ostean, atzo izan zuen albokak Hernanin egun haundia. Nafarroa, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoatik etorritako albokariak jo eta su aritu ziren goiz, eguerdi eta arratsalde, herriko kaleetan. Kale buelta eta albokagile erakusketa arkupetan Urtero egiten den moduan, albokariak goizean elkartu ziren plazan eta bertatik kale buelta egin zuten Kaxkoan zehar eguerdia bitartean. Bi taldetan banatu ziren, batak Gudarien plazan jo bitartean, beste taldeak Kardaberaz eta Kale Nagusian zehar ibili zen eta gero alderantziz. Tilosetan egitekoa zen albokagile erakusketa arkupetan izan zen azkenean, euri arriskua zela-eta. Bertan izan ziren Daniel Peral Hernaniko bizilaguna eta Osses albokagilea, Arabako Otazu herrikoa. Osses urtero etortzen da Alboka Topaketara eta bere ustez ´primerako festa` da hau: ´Ia beste hainbeste urtetan irauten duen`, zioen albokagileak. Eguerdiko emanaldia Albokaldia izeneko emanaldia Milagrosan izan zen azkenean, eguraldiak ez baitzuen beste aukerarik eman. Bertan herrialde ezberdinetako ordezkariek jo zuten, baita Hernaniko albokari gazteenek ere. Horren ostean bazkaria Santa Barbara soziedadean eta gero berriro kalera, albokari haizea hartzeko atsedenik ere eman gabe!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!