Ehiztariak zerura begira, usoa eta haize haundiaren zain

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 2a, 03:00

Atzo zabaldu zituzten Asketa-Etzala eta Akola-Igoin aldeko postuak. Arizmendikoak abuztutik zeuden zabalik, azkeneko postuak abenduan itxiko dira, eta zozketak iluntzero egingo dira Txantxangorrin.

 

USO Soloma bandaren bat ikusia dute Oriamendi inguruan, baina, oraindik ehiztariak beste aste pare bat behintzat itxoin beharko dute usoa ondo etortzen hasteko. Jende askok oporrak hartuko ditu ehizerako. Mendietan izango da tiro hotsa, eta iluntzean ehiztari ilara luzeak ere bai Txantxangorrin, postu baten esperantzan. Dagoeneko, ordea, Hernaniko ehiza postu guztien zozketa martxan da. Ehiztariek atzo estreinatu zituzten Akola-Larre-Gain-Igoin mendietako postuak eta Asketa-Antxista-Etzalakoak. Oriamendi-Arizmendi-Altzeagainekoak, berriz, abuztuaren 14tik daude martxan, batez ere tortolatarako.

Txantxangorri elkarteak
Hernanin Txantxangorri Elkarteak gestionatzen ditu postuak. Denera 128 daude hiru mendi inguruetan banatuta: Berrogeita hamar postu, eta onenak, Adarra menditik Aranorako bideko mendigainetan daude. Horiek dira goiena daudenak eta hor botatzen dute uso eta birigarro gehiena. Iaz, Hernaniko postuetan botatako 450 usoetatik 305 postu horietan bota ziren. Larre-Gain-Akola, Igoin inguru horretan, beste 40 postu daude, eta gainerako 38ak beheko mendietan daude: Arizmendi, Oriamendi eta Altzeagainen. Altzeagaingo postuak, bederatzi denera, aurten sartu dira aurrenekoz zozketan, eta gora-beherak ere izan dira. Batean, postuak erre egin zituzten, eta beste batean zulatu. Txantxangorrik uste du postu horiek zozketatzerik nahi ez zuten jendeak egindako lanak izan direla. Beheko horietan ere usoa sartzen da, baina, batez ere birigarroa botatzen da eta tortola ere bai. Iaz, 30 tortola bota zituzten. Aurten, garaia azkenetan eta oso gutxi sartu omen da, Txantxangorrin adierazi digutenez.

Postuak berritu eta postu inguruak garbitu
Postuak urtero berritzen dituzte eta horrek badu bere lana. Txantxangorrin koadrila osatu, eta banan-bana txukuntzen dituzte denak. Postuak, eta postu aurreko inixtorra eta sasiak ere garbitzen dituzte, usoa eta birigarroak bilatzeko. Pasea bukatzean, berriz, kartutxoak bildu eta berriz garbitzen dute dena. Gero, Udalak, Diputazioak eta Federazioak zertifikatzen dute mendiak txukun gelditu direla. Aurten, Txantxangorrik poltsa bana emango die ehiztariei kartutxo azalak botatzeko.

«Usoa orain ez da lehen bezala sartzen»
Ehiztari askok darabilkiten kontua da orain usoa ez dela lehen bezala sartzen, eta gehiena kostatik pasatzen dela. Iritzi berekoa da, Jose Martin Tijero, ehiztaria bera ere, Txantxangorriko lehendakaria. «Bai, egia da, bai, lehen hemen gehiago sartzen zen. Orain, Getari, Zumaia, Deba alde hori, Mutriku... horiek dira uso leku onak, eta orain dela 15-20 urte ez zen horrela. Batzuk esaten dute, A-8 autopistak ekarri duela aldaketa hori, eta orain barrura nekezago sartzen dela». Hala ere, Tijerok aitortu du iaz izan zirela pase egun politak. Usoa etortzea bakarrik ez da nahikoa, ordea. Hernaniko Postuetan ondo sartuko bada, haizea behar du, haize dezentea, bestela oso altutik joaten direlako.

Batzuk ez dute usoa errespetatzen
Pase egun ona eta haizea fuertea izanda ere, bada ehiztari batzuen jokabide bat usoa postuan ondo sartzea oraindik eta gehiago zailtzen duena.
Batzuetan gertatzen da uso banda halako postuetara bete-betean sartzera dijoala ikusiarren, norberari birigarroa sartu eta hari tiratzea, eta orduan usoak buelta ematen du edo izutu egiten da behintzat. Joxe Martin Tijeroren esanetan, hori ez da hemengo kontua bakarrik: «leku denetan gertatzen da hori, eta orain ehiztari gehiago ibiltzen denez, ba, oraindik eta gehiago. Usoari ondo sartzen utzi ezkero, asko gehiago botako litzateke, eta ez hemen bakarrik, denean».

700 lizentzia eta 6.000 ehiztaritik gora zozketetan
Datuek horiek zerbait erakusten dute Hernanin ehizak zer inzidentzia duen. Zazpirehun pertsonatik gora dute ehizeko lizentzia, eta pase garaian 6.000 ehiztaritik gora pasa da Txantxangorriko zozteketetan. Ehizerako joera gora edo behera dijoan galdetuta, Joxe Martin Tijeroren esanetan, gora behintzat ez dijoa. Geroz eta zailagoa da baimenak ateratzea, 18 urtez beherakoek gurasoen baimena behar dute... eta horrek denak jendea atzeratu egiten du. «Eta badakizu, ehizean gazterik hasi ezean, gero zaila izaten da» dio.

Kotoetara
Pase garaiko datu horiez gain, kontuan hartu behar da hemen ez dagoela apenas ehizarik, eta jendea Hernanitik kanpora joaten dela, kotoetara: Nafarroara, Soriara, Toledora, Zamorara, Rioja, Burgosera, Palentziara... Usotara ez ezik, eperretara, galeperretara, erbitara, basurdetara eta abar joaten dira. Normalean koadrila fijoak izaten eta mendi osoa hartzen dute beretzat.

«Mendizaleekin ez da arazorik izaten»
Ehiza garaia ez da mendira joateko boladarik lasaiena izaten. Hernaniko kasuan, Joxe Martin Tijerok dio ez dela mendizale eta ehiztarien arteko arazorik izaten. «Hernaniko kasuan, postu aurretik ez da biderik pasatzen, Etzalako tarte txiki batean izan ezik, eta alde horretatik, ez da arazorik izaten. Gainera, postu bakoitzean kartel batzuk jarrita dauzkagu ehiztariak errespetatu beharreko arauak zein dira azaltzen duena; eta arauetako bat da, noski, mendizaleak eta ingurua errespetatzea. Gero, gora-behera puntualen bat gerta litekeela? Askotan, gauza borondate kontua ere izaten da ezta, eta borondatea izan ezkero, ez dago zertan inongo arazorik egonik».

 

 

128 Ehiza postu
Hernaniko lurretan 128 postu ehiza postu daude: 50 Asketa inguruan, 40 Akola inguruan, 38, Arizmendi eta Altzeagain inguruan.

Usoa, birigarroa eta tortola
Pase garaian usoa, birigarroa eta tortola botatzen dira Hernaniko postuetan. Iaz, 450 uso bota zituzten Hernaniko postuetan, eta 3.500 birigarro inguru. Uso eta birigarro gehienak Asketako postuetan bota zituzten.

6.000 ehiztaritik gora zozketetan
Pase garaian, 6.000 ehiztaritik gora eman zuten izena Hernaniko postuetan leku bat izateko eta, 5.000 ehiztari inguru ibili ziren postutan ehizean.

Urritik azarora
Oriamendiko postuak abuztuan zabaltzen dira, baina, beste mendietan Urriaren 1etetik azaroaren 11era egiten dira zozketak.

700 lizentzia
Hernanin 700 pertsonek dute ehizerako lizentzia, eta horietako gehienak Txantxangorrin dira bazkide.

Basurdea
Basurdetan ere ehiztari dezente ibiltzen da Hernanin, Ereñotzu aldean.

Kotoetara, kanpora
Hernaniko ehiztari asko kanpora joaten da ehizera, kotoetara. Koadriletan antolatuta daude, eta mendi osoa hartzen dute.

Zozketa ordenadorez, eta denen bistan
Txantxangorrik pantaila haundi bat jarri du, ehiztariek zozketaren prozesu osoa ikusteko.

Ehiza postuak iluntzero zozketatzen dira eta zozketa Txantxangorrin egiten da. Tijero lehendakariak garbi azaldu du mekanismoa: «Izen ematea libre da denentzat, bazkide izan edo ez. Postuak hiru zonaldetan banatuta daude, (Oriamendi, Akola eta Asketa) eta zona bakoitzak zozketa propioa du. Ehiztariak hiru zonatako bakar batean eman lezake izena, sarrera bat ordainduta. Zortzietan bukatzen da izena emateko ordua. Datuak ordenadorean sartu ahala, pantaila haundi batean agertzen dira, nor bere izena eta zona bakoitzeko izen-listak garbi ikusteko moduan. Pantaila hori aurten jarri dugu. Zortzietan, programa informatiko baten bidez zozketa egiten da, eta pantaila haundi horretan azaltzen dira postu bakoitza zeini tokatu zaion».
Zonalde bakoitzeko postuek prezio bana dute, bazkideek eta federatuek merkexeago dute, baina, posturik onenak ere 6-7 euroren azpitik daude, eguneko. Eskualde osoan antzeko tarifak daude. Oriamendi inguruko postuak dira merkeenak, eta Asketa ingurukoak galestienak.

 

Bertako ehiza ugaritzeko ahaleginak
Eperrak, erbiak, faisanak eta abar ugaritzen saiatu izan dira, baina, ez da posible izan, piztiek jaten dituzte. Basurdea eta korzoa atera dira aurrera.

Gipuzkoa osoan bezalaxe, Hernanin ere bertako ehiza asko urritua dago. Basurdea eta korzoa dira ugaritu direnak, eta dezente gainera. Baina, espezie gehiagorekin ere saiatu izan dira. Ez du fruturik eman, ordea. Orain dela urte batzuk, eperra, faisanak, erbia eta konejua zabaltzen saitu ziren Txantxangorri eta Diputazioa. Aparrainsoron eta Uxokoerrekan jarri zituzten propio lekuak kumeak ekarri, bertan hazi, bertara ohitu eta askatzeko. «Bajinat lan egin du jendeak hor, eta Diputazioak diru pila ederra utzi zuen, baina, askatu orduko desagertzen ziren. Batzuk umatu ere egiten ziren, baina, alperrik. Basoak oso zikin daude, eta pistia izugarri dabil: jinetak, uroiak, azeriak... horiek jaten zituzten denak. Zapeleitzak ere bai: behin arbol zulo batean kriston hezur pila bilatu genituen, zapelaitzak eramandako eper eta faisanenak». «Ezin da, hemen ezin da, -esaten du etsita Tijero. Basurdea eta korzoa bai, horiek dira ugaritu diren bakarrak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!