BILDU Hernani plataforma kritiko azaldu da lokalak etxebizitza bihurtzeko
udalak eramandako bidearekin. Udal plenoak ostegunean erabaki zuen indarrean
dauden arau subsidiarioetan aldaketa batzuk egitea, ´segurtasun juridiko
haundiagoa izateko`. Plenoan bertan azaldu bezala, BHk dio aspaldian abisatu
zuela lokalak etxe bihurtzeko ordenantzak arazo legalak zituela eta Arau
Subsidiarioak aldatu beharko zirela, ordenantzak aurrera ateratzeko. BHk salatu
du orduan erantzun txarrak izan zituztela Gobernu taldetik, baina, ´denborak
arrazoi eman digu` nabarmendu dute. Horrek ez dituela pozten diote hala ere BHko
kideek, ´martxan beharko lukeen prozedura orain jartzen baita abian eta bien
bitartean hilabete luzeak pasa dira`. BHk gaineratu du gaia nahiko larria dela
eta galdetu du nola litekeen ´medio teknikoak Gobernu taldearen esku egonda hain
nabarmena izanik prozedura legala, beste hainbat herritan jarraitu dena, inor ez
jabetzea horretaz udal honetan`.
Espekulatzeari denbora
Plataformak azaldu duen beste kezkatako bat da, proiektuak dituen helburuen
ingurukoa. Gobernu taldearen helburuetako bat bestela etxerik erosi ezin duen
jendeak aukera merkeagoak izatea da, eta BHk esaten du ´hainbeste denbora pasa
izanak, denbora eman die maniobra espekulatzaileei`. Bestalde, alegazioen
informea lehenbailehen prestatzeko eskatu du BHk.
Gobernu taldearen erantzuna
BHk plenoan ere azaldu zituen Kronikara bidalitako desadostasunak eta
Gobernu taldeko kideek erantzun zioten. BHk lokalak etxe bihurtzeko ordenantzari
alegazioak aurkeztu zizkion eta Gobernu taldeak onartu egin du alegazioaren
parte bat, plenoan nabarmendu zutenez. Horren bueltan Gobernu taldeko kideek
esan zuten ´zuen alegazioak onartzen ez direnean onartzen ez direlako eta
onartzen direnean onartzen direlako` beti kontra azaltzen direla BHko kideak.
Alegazio guztiak erantzungo dituztela ere eman zuten jakitera.