KIZKIA taldeak sagardo lehiaketa egin du aurten ere eta irabazle Gaztañaga
gelditu da, hirugarren aldiz. Finala joan den asteazkenean jokatu zen
Astigarragako Gure-Izarra elkartean, finalera pasa diren 6 sagardorik onenekin.
Gaztañaga, Eula, Barkaiztegi, Rezola, Alorrenea eta Astiazaran dira finalera
pasatako sagardotegiak eta Gaztañaga, Eula eta Barkaiztegi gelditu ziren lehen
hiru postuetan, Kizkiako kideen puntuen arabera. Egun berean, sagardogileek
berek ere puntuatu zituzten sagardoak, ordea, eta hauen arabera Eularena izan da
sagardorik onena, bigarrena Gaztañagarena eta hirugarrena Barkaiztegirena.
Kizkia taldean hernaniarrak dira kideetako asko eta Elorrabi, Otsuenea eta
Alberroko sagardoak aurten lehiaketan izan dira.
Antolatzaileen hitzetan maila oso altua izan dute aurtengo sagardoek eta onena
aukeratzen ere nahikoa lana izan zen, antzeko sagardoak asko baitziren.
Arraia eta haragiarekin
Kizkia taldeko finalean bi alditan probatzen dira sei sagardoak, noski,
bakoitza nongoa den jakin gabe. Aurrena, arraiarekin probatu zituzten sagardo
guztiak eta gero haragiarekin. Aurten orokorrean maila oso altua izan da.