Chillida-Lekuren asmoa da etorkizunean museo barruko erakusketa lekuak zabaltzea

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 1a, 03:00

Museoak balantze orokorra egin du ireki zela bosgarren urteurrena den honetan. Atzo ospakizun-ekitaldia izan zen 200 gonbidatu ingururen artean eta Donostiako Orfeoiarekin.

ATZO prentsaurrekoa izan zen Chillida-Lekun, azken bost urteetako balorazioa egiteko. Luis Chillida, museoko arduradunak esan zuen museoak lortu duela ´Gipuzkoa, Euskal Herri eta mundu mailan izena izatea` eta aitortu zuen museoa ireki zutenean ez zutela horrelakorik espero: ´guk bidea ibiliaz egin dugu`, esan zuen.
Chillidak esker oneko hitzak izan zituen bere aitarentzat ´bere lanik gabe hau ez litzateke posible izango eta`, baina baita museoko lan taldea osatzen duten guztientzat ere. Chillida-Leku ireki zenean 12 pertsona ziren lanean eta gaur egun horren bikoitza dira, bertako arduradunak atzo esan zuenez.
Museoa ireki zenetik pertsonaia ugari pasatu da bertatik: ´politikoak, kultura mundukoak, arkitektoak, aktoreak...` esan zuen Chillidak.

Etorkizunera begira
Etorkizunean museoaren helburuak zein diren ere azaldu zuten atzoko prentsaurrekoan. Luis Chillidak esan zuenez, museoak beste artisten obrak ere ekarri nahiko lituzke Chillida-Lekura, baina horrek kostu haundia duenez, babes instituzionala beharko lukete. Gainera, kanpotik ekarritako obra horiek hartzeko Zabalaga baserria txiki geratzen denez, etorkizunean erakusketa leku berriak ireki beharko dituztela aitortu zuen arduradunak: ´ez dugu mausoleo bat sortu nahi, museo bat baizik, leku bizi bat, nere aitak nahi zuen bezala`, esan zuen.

Orfeoiaren errezitala
Bestalde, Atzo ekitaldia izan zen Chillida-Lekun Donostiako Orfeoia bertan zela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!