Zilegi Eskolak, nobedade askorekin

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 1a, 03:00

AEK-k bere eskaintza ´egokitu, moldatu eta berritzeko` sortu ditu ikastaro hauek.

AEK euskaltegia buru belarri ari da datorren ikasturteko Zilegi Eskola preparatzen. Bertako arduradunek adierazi dutenez euskaltegiko eskaintza ´garai berrietara` moldatzeko hainbat ekimen jarri dituzte martxan eta horietako bat dira Zilegi Eskolak. Euskaltegiak saio berezi batzuk antolatu ditu, bi, hiru eta lau egunekoak eta bertan gai ezberdinei buruzko ikastaro txikiak ematen dira, hainbat ordutan, irakasle edo aditu batekin. Ikastaro hauek zein eta noiz izango diren aldez aurretik jakinaraziko ditu AEK-k. Lehengo urtean antolatutako ikastaroetako batzuk dira: Euskal Abizenak, Erreflexologia, Euskal Foruak eta Karlistadak, Hizkera ez Sexistaren garrantzia...

Berrikuntzak
Aurtengo Zilegi Eskolek badute nobedade edo berrikuntzarik. Mintzagunea eta Zalantzagunea deituriko saioak sortu dituzte. Saio hauek Zilegi Eskoletan emango diren ikastaroen osagarri dira, baina ez dira derrigorrean batera egitekoak, matrikula ezberdina baita ikastaroetakoa eta saio berezi horietakoa. Mintzagunea mintzapraktikarako bi orduko saioa izango da astean behin. Zalantzagunean berriz bi orduz ikasleak hizkuntzari buruz dituen dudak azaldu ahal izango ditu.
Xehetasun gehiago nahi izanez gero, AEK euskaltegira zuzendu daiteke, Larramendi 11ko egoitzara, edo honako telefono zenbakira deitu: 943 557801.

RAMON ETXEBERRIA, Zilegi Eskoletako ikaslea :
«Berriro parte hartzeko gogoz nago»

Ramon Etxeberriak iazko Zilegi Eskolako saio batean parte hartu zuen Erdi Aroa Hernanin izenekoan, eta bere esperientzia azaldu digu.

Zergatik eman zenuen izena?
Gure herriko historia ezagutzeko aukera ezin hobea iruditu zitzaidan, modu eroso batean gainera: etxetik gertu, ordutegi egokiarekin, laburra...
Eta zer jaso duzu?.
Hernani garai batean nolakoa zen ezagutu eta horrek herria beste modu batera begiratzera eraman nau. Hernaniri buruzko jakinmina piztu dit, gauza gehiago jakiteko gogoa.
Zer iruditzen zaizu horrelako saioak eskaintzea?
Eskolan edo beste tokietan jaso ez ditugun gaiak lantzen ditugu. Gainera, ez da hitzaldi kalsiko bat, metodologi aldetik dinamikoa eta atsegina da, denon parte hartzea bultzatzen da ikastaroan. Berriro ere parte hartzeko gogoz nago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!