DATORREN astetik aurrera hasiko
dira Dobera Euskara Elkartea eta Hernaniko Kronika bazkide berriak egiten.
Gaur egun 350 bazkide ditu Dobera-Kronikak eta herriko enpresa eta elkarteen
laguntza ere jasotzen du.
Besteak beste, bazkideen laguntzari esker Dobera Euskara Elkarteak eta
Hernaniko Kronikak aurrera daramazkite urteko proiektuak. Kronika egunero
3.600 ale banatzera iritsi da eta asteburuero lau orrialdeko edo gehiagoko
Kronikak argitaratzen dira. Eguneroko informazio eta erreportaiez gain,
ikastetxeetako eta euskaltegietako ikasleekin ateratzen diren bereziak, web
orri berritua, eguraldi iragarpena eta bestelako zerbitzuak ere eskaintzen
ditu Kronikak.
Dobera Euskara Elkarteak argitaratzen du Kronika baina horretaz gain
proiektu asko daramazki aurrera euskara eta kultura bultzatzeko
helburuarekin. Ikastetxeekin lanean ari da jangela eta jolas garaian euskara
erabilpena sustatzeko; haur etorkinei euskara erakusteko programa; Dobera
Bekak urte biz behin Hernaniri buruzko lanak saritzen ditu; euskaldun berri
eta zaharrak euskaraz aritzeko programa; euskararen erabilera neurtzen du
ikastetxeetan; kultur ikuskizunak antolatzen ditu: film laburren emanaldia,
antzerkiak... Herri Urrats eta Nafarroa Oinezerako autobusak antolatzen ditu
eta itzulpen zerbitzua ere badu Doberak.
Kuotak datorren astean
Dobera-Kronikako bazkide egiteko telefonoz deitu daiteke 943 330899-943
332799 telefono zenbakietara edo bazkide bonoa bete eta kioskoetan edo
Kronika eta Doberan entregatu. Bestalde, jadanik bazkide direnei kuota
datorren astetik aurrera kobratuko zaie. |
ABANTAILAK BAZKIDEENTZAT
Dobera-Kronikako bazkideek beherapenak dituzte gure argitalpenetan: Aldaba
Joka liburua (Hernani: ahozko historia txikia), urteroko egutegia, Kronikan
argitaratutako argazkiak...
Bazkideentzat dohainik da aurten argitaratu dugun DVDa (Hernani: XX. mendeko
ahozko historia txikia). Eskatu Dobera edo Kronikan. |