Koteron, albokari berritzailea
Ibon Koteron Hernanin izango da gaur, ‘Airea’ bere bakarkako bigarren diskoa aurkezten eta saio berezia eskainiko du bilbotarrak. Emanaldia arratsaldeko 19:00etan izango da, Biteri Kultur Etxean.
AURTENGO Albokari Topaketek saio berezia izango dute, Ibon
Koteron albokari ezagunak eskainia. Biteri Kultur Etxean joko du bilbotarrak,
eta bakarka egin duen bigarren disko hau jendaurrean azalduko du.
Ia 20 urte albokari haizea emanez
Ibon Koteron Bilbon jaio zen 1967an. Hogei urte zituela alboka eta gaita
ikasten hasi zen eta segituan erakutsi zuen instrumentu hauetarako abildadea.
Laster, alboka irakasten hasi zen eta horretarako eskola bat sortu zuen,
belaunaldi berriek herri musika tresna hori jotzen ikasi zezaten.
Koteron izan da azken urteetan, alboka berreskuratu eta suspertzeko musikari
funtsezkoa. Azkeneko albokari tradizionalak oinarri hartuta eta hauen estiloa
onartuta, Kepa Junkerarekin batera Leonen Orroak izeneko diskoa kaleratu zuen
1998an; dudarik gabe, albokaren munduan erreferente bihurtu zen disko hau.
Musikari honek makina bat proiektutan parte hartu du ordudanik: Tapia eta
Leturia, Tomas San Miguel, Berrogüetto, Tejedor... guzti horiekin kolaboratu du
Koteronek.
‘Airea’: musika tresna tradizionalen bilgune
Airea (Elkar, 2004) izena du musikari bilbotarraren azken lanak. Bakarka
egiten duen bigarren diskoa da eta Kepa Junkera musikariak lagundu du produkzio
lanetan. Disko honekin beste garai bat markatu nahi da albokaren bizitzan. Izan
ere, Koteronen asmoa izan da erregistro berriak zabaldu eta alboka doinu
ezberdinak sortzea, musika tresna hau gaurkotzea, alegia.
Koteronen disko berrian hainbat musikari ezagunek hartu dute parte, Ruper
Ordorikak, esaterako, ahotsa jarri du. Horretaz gain, beste herrialdeetako
musikariak ere hartu dute parte: Gilles Chabenat funtsezkoa izan da, bere
zanfona-rekin egindako grabazioetan, Faltriqueira galiziarraren ahotsa ere
entzun daiteke zenbait kantutan edo Soledonna korsikarrarena. Andrea Pisu
sardiniarra, Pekka Westerholm eta Heikki Syrjänen finlandiarrak... guzti horiek
herri musika tradizionalaren fusioa egiten dute, eta Airea diskoa da horren
bilgune.
Dena den, Biterin ez dira horiek guztiak izango. Gaurko emanaldian, Koteronek
bere zuzeneko taldea ekarriko du: Iñaki Plaza (perkusioa, txalaparta, trikitia),
Jon Garmendia (perkusioa, txalaparta, xirula), Belen Fernandez (txeloa), Unai
Frantsesena (teklatuak, perkusioak, txalaparta) eta Ibon Koteron (alboka, nafar
gaita, tarota, pibgorn-a). Emanaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta doan
da.
‘Albokaldia’ eta egun osoko festa bihar
Euskal Herri osoko albokari taldeak izango dira Hernanin.
LAUGARREN urtez, Alboka Topaketa bi egunetakoa izango da eta
gaur Ibon Koteronen emanaldia izango bada, biharko, egun osoko egitaraua
antolatu dute Topaketako arduradunek.
Goizean goizetik kaleak
alaituz
Albokari guztiak goizeko 10:30etan elkartuko dira eta 11:00etan hasiko dira kale
bueltan, Hernaniko Kaxkoan eta inguruetan alboka jotzen. Ordu horretan,
albokagile azoka-erakusketa zabalduko da. Bertan ikusi ahal izango da
albokagileen trebezia, musika tresna hauek egiteko eta baita albokaren azken
berrikuntzak ere.
‘Albokaldia’: Albokari
guztien emanaldia Tilosetan
Eguneko saio garrantzitsuena Albokaldia deiturikoa izango da. Gipuzkoa,
Nafarroa, Araba eta Bizkaiatik etorritako albokariek Tilosetan emanaldia
eskainiko dute, eguerdiko 12:30etan. Bertan, eskola bakoitzak bere berezitasuna
erakutsiko du. Eguraldi txarra eginez gero, emanaldia Sandiusterrin izango da.
Horren ondoren, indarrak berritzeko bazkaria izango da Santa Barbara soziedadean,
bertara gonbidatuak daude parte hartzaile guztiak eta parte hartzaile ez direnek
ere aukera izango dute bazkarira joateko, 12 euro ordainduta. Bukatzeko,
albokariek agurreko kalejira egingo dute 18:30ak aldera.