Denboraldia hasteko prest

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 1a, 03:00

Errugbiko lehen taldeak bihar hasiko du denboraldia, Madrilen, Cisnerosen kontra.

BIHAR hasiko du Hernanik Ohorezko B mailako bigarren denboraldia, Madrilgo Cisneros talde haundiaren kontra. Iaz 3garren postuan geldituta, koska bat gorago gelditu eta promozioan sartzeko helburua du Hernanik aurten, erronka zaila izango den arren. Hernanik iazko bloke beretsua izango du aurten ere: harrobian oinarritua eta iaz baino esperientzia gehiagokoa.
Bestalde, bigarren taldeak gaur bertan jokatuko du 16:30etan Landaren, Durango Bren kontra. Bigarren taldeak lehen taldearen lagungarri izateko helburua du 2005-2006 denboraldirako ere. (7 orria).

Hernanik iazko blokearekin eta
promozioan sartzeko helburuarekin ekingo dio bihar denboraldiari

Cisneros talde famatuaren kontra jokatuko du Madrilen, 12:30etan. Gaur Hernani Bk jokatuko du Landaren 16:30etan.

Azken urteetako denboraldi onak are eta gehiago borobiltzeko helburuarekin ekingo dio Hernanik bihar denboraldi berriari. Ohorezko B mailan uste baino emaitza hobeak lortu zituzten iaz hernaniarrek eta hirugarren postuan bukatu zuten, ohorezko mailara igotzeko promozioa jokatzetik postu bakarrera. Aurtengo helburua anbizio haundiagokoa da: Joxe Elosegi entrenatzaileak Kronikari esan dionez saiatuko dira lehen bi postuetan gelditzen, horretarako jokoa eta zortea, biak batean beharko badira ere.

Iazko blokea
Hernanik iazko bloke ia osoa mantendu du denboraldiari aurre egiteko. Abuztua ezkero 49 jokalarik entrenatu dute eta horiek izango dira nagusien mailako bi taldeak osatu dituztenak. Lehen taldeak Iraitz Garmendiaren baja izango du lesioagatik baina gainontzean jende beretsua ariko da. Aurten ere harrobiko jendea izango da beraz Landareko taldeko bizkar hezurra eta fitxaketa bakarra: Baionako Thierry Lameison, euskera ikasteko helburuz Hernaniko taldean bere burua aurkeztu zuena.

Intentsitatea helburu
Aurten Zelanda Berrian, Frantzian eta beste hainbat herrialdetan indarrean dagoen legeak jarriko dituzte hemengo errugbiko liga nagusietan ere: irabazten duenak lau puntu izango ditu, berdinketak bi eta galtzen duenak zero. Hala ere, 4 ensaiotik gora egin ezkero puntu bat gehiago emango zaio taldeari eta galtzen duen kasuan 7 puntu baino gutxigogatik galdu ezkero ere puntua izango du.
Horrek intentsitate haundiagoz jokatzera behartuko ditu taldeak Elosegiren hitzetan: ´erraz irabazten joanda ere ezin liteke relajatu, helburua guk 5 puntu eta besteek 0 ateratzea izango baita. Eta partidua galdu arren ere 2 puntu lortu litezke, lau ensaio egin eta 7 puntuz azpitik galdu ezkero. Horrek intentsitate haundiagoz jokatzera behartuko ditu taldeak, eta fisikoki puntu-puntuan egon beharra dago`.

Cisneros talde haundia
Iaz Ohorezko Mailara igotako bi taldeak (Usap eta Ordizia) Hernaniren taldean zeuden eta horregatik pasa dute Cisneros talde honetara, talde gutxiagorekin gelditu zelako. Hernaniarrek ez dakite madrildarren jokoaren berri, baina, orain bi denboraldi jaitsi ziren ohorezko mailatik eta izen haundia izan du beti Cisnerosek. Lehenengo partidua izanda gainera, erritmo onenetik urruti daude talderik gehienak eta nork bere indarrak neurtzeko test ona izango da biharkoa. Partidua Madrilgo Hiri Unibertsitarioan jokatuko da, bihar igandea, 12:30etan.

Hernani B gaur Landaren
Bigarren taldeak gaur jokatuko du Landaren Durango Bren kontra, arratsaldeko 16:30etan. Hernaniko klubak garrantzia haundia ematen dio bigarren taldeari ere eta helburua izango du lehen taldean sartzen ez diren jokalariak eta jubeniletatik datozenak erritmoa hartzen joatea, mailaz igotzeko helbururik gabe, lehen taldearen lagungarri. Jubenil, eta kadeteak berriz, datorren astean hasiko dira. Talde guztien artean 110 bat jokalari ariko dira aurten ere Landaren. Bada zerbait.

Bono laguntzak

Goiko kategoriatan ibiltzeak badu prezio bat, eta urtez urte altuagoa gainera. Errugbi taldeak Hernaniko Industrialdea izango du babesle nagusi, eta beste askoren laguntza ere bai baina, behar guztiak asetzeko ez da nahikoa, bidaiek, Hotelak... gastu haundia suposatzen baitute. Jokalarien fitxak ordaintzeko bono laguntzak jarri ditu klubak 25 euroan, jokalariek fitxak beren poltsikotik ordaindu beharrik izan ez dezaten. Lagundu nahi duena jokalariekin harremanetan jarri, berak ari baitira bonoak saltzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!