Lokalak etxebizitza bilakatzeko Arau Subsidiarioak aldatzea onartu du Plenoak

Kronika - Erredakzioa 2005ko ira. 30a, 03:00

Atzoko pleno berezian 2006ko ordenantza fiskalak aldatzeko proposamena aztertu zen eta 2004ko aurrekontuen emaitzen inguruan ere hitz egin zuten.

ATZO arratsaldean pleno berezia izan zen Udaletxean eta bertan hainbat puntu eztabaidatu zituzten. Horien artean gaur egun indarrean dauden Arau Subsidiarioak aldatzea. Aldaketa hau Hirigintza Batzordeko proposamen batetik dator eta lokal komertzialak etxebizitza bilakatzeko araudiarekin du zerikusia. Udalaren asmoa da Arau Subsidiarioetan aldaketa egin eta modu horretan lokalak etxebizitza bihurtzeko baimena eskatuko dutenei ´segurtasun juridiko haundiagoa` ematea, hirigintza zinegotziaren hitzetan. Udal ordezkariek jakinarazi dute aldaketa honekin datorren urtean hasi daitezkeela baimenak ematen.

Finantza fiskalak aldatzea
Horrez gain, beste puntu batzuk aztertu ziren atzo. 2006ko ordenantza fiskalak aldatzeko proposamena da horietako bat (%3,2ko igoera izango du, KPIra ajustatzeko) eta 2004ko aurrekontuen emaitzak onartzea ere eztabaidatu zen atzoko plenoan.
Bestalde, Plenoak baiezkoa eman dio animaliak edukitzeko eta babesteko ordenantza hausten denean alkatetzak eskumena izateari, bizkortasun haundiagoz jokatu ahal izateko. Hain zuzen, ordenantza hori hautsi dutenen kontrako hainbat zigor erabaki zituen Udal plenoak atzokoan.

Eztabaida
Atzoko plenoan sortu zen eztabaida. BH plataformako kide baten hitza hartu zuen eta publikoarentzat mikrofonorik ez zegoenez gonbitea luzatu zioten zinegotziei dagozkien mikrofonoetatik hitz egin zezan, horrela itzultzaileak itzuli ahalko zuen esandakoa. Irtenbentzioa bukatzean plenoak aurrera jarraitu zuen eta PSE-EEko kideek alkateari eskatu zioten BHko kidea bueltatu zedila publikoarentzako eserlekuetara. PSE-EEko kideak esan zuen mikrofonorik ez zegoenez eta itzultzaileak hala eskatu zuenez gonbidatu zutela BHko kidea zinegotzien eserlekutik hitz egitera, baina, behin hori bukatuta ez zegokiola hor egotea. BHko kidea ukatu egin zen hasiera batean eserlekua uztera, baina, azkenean publikoan eseri zen, eztabaida aldi baten ondoren.

Gobernu Batzarra
Plenoaz gain, gobernu batzarra ere bildu zen atzo Udaletxean eta bertan erabaki zen, besteak beste, Biteriko zenbait ikastaro eta auzoetan tailerrak antolatu eta emateko egitaraua aldatzea 2005-2006 ikasturtean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!