Kontzentrazioa bihar izango da Gudarien plazan, arratsaldeko 20:00etan, ‘Euskal Presoak Euskal Herrira’ lemapean.
ATZO eguerdian prentsaurrekoa izan zen Biterin eta bertan izan ziren hainbat sindikatuetako ordezkariak eta Etxerateko kideak. ELA, LAB, ESK, ESTEE-EILAS, EHNE, ELB eta Hiru sindikatuek babesa eman diote Etxeratek euskal presoen sakabanaketaren kontra egiten duen aldarrikapenari.
Elias Miner, Etxerateko ordezkariak azaldu zuenez, Euskal Herri osoan hainbat sindikatuk daramaten dinamikaren barruan sartu behar da atzoko agerraldia. Sindikatu hauetako kideak Bilboko Arriagan elkartuko dira Etxeratekin batera bihar goizean eta ondoren manifestazio bat antolatu dute elkarte honen aldarria entzunarazteko.
Sindikatuen komunikatua
Atzo Biterin egin zen prentsaurrekoan sindikatuek komunikatu bat irakurri zuten, bertan salatzen da presoen senideek sakabanaketaren ondorioz jasan behar duten egoera. Modu berean, presoek bizi dituzten bizi baldintza kaxkarrak ere salatzen dira. Komunikatuan, dispertsioak eragindako zenbait datu azaldu zituzten sindikatuek: presoen %98,5 Euskal Herritik kanpoko kartzelatan daude, bisitak mantentzeko urteko 13.812 euro dira bataz beste. Dagoeneko 16 lagun hil dira auto-istripuetan bisitak egitera zijoazela... Horregatik, sindikatu hauek eskatzen dute ´kartzela politika berrikustea` eta dei egiten die afiliatu eta langileei ´aldarrikapen honetan aktiboak izatera`.
Dei berezia biharko
kontzentraziora joateko
Bereziki, sindikatuek dei egiten dute, bihar, arratsaldeko 20:00etan, Gudarien plazan egingo den kontzentraziora joateko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!