DATORREN asteburuan, urriaren 1 eta 2an, Hamabigarren Albokari Topaketa
izango da, eta Hernani, urtero moduan, albokaren etxe bilakatuko da bi egunetan.
Albokariek jarriko diote etxeari bizia edo musika. Euskal Herritik etorritako
albokari talde ugarik iganderako antolatu diren emanaldietan joko dute eta
herriko kaleetan ere ibiliko dira albokaren doinuak txoko guztietara eramaten.
Ibon Koteron albokari haundia Hernanin berriz ere
Dudarik gabe, aurtengo alboka topaketak berezitasun bat badu eta hori da
Ibon Koteronek larunbatean eskainiko duen emanaldia. Albokari bilbotarrak bere
azken diskoa aurkeztuko du Hernanin eta horretarako saio berezia prestatu du.
Ibon Koteronen emanaldia larunbat arratsaldean izango da, 19:00etan, Biteriko
areto nagusian. Dohainik da.
Ez da lehenengo aldia Koteron Hernanin izango dela, beste ediziotan ere izan
baita Albokari Topaketan parte hartzen, 2003an esaterako.
Igandean, alboka jaia herriko kaleetan
Topaketaren bigarren egunak albokariak eta kalea izango ditu protagonista.
Urtero bezala, Euskal Herri guztiko albokari mordoa etorriko da eta kalebueltan
ibiliko dira Tilosetako emanaldi nagusiaren aurretik. Bazkari legea Santa
Barbara soziedadean egingo dute eta parte hartzaile ez direnek ere bazkaldu ahal
izango dute bertan, 12 euroren trukean. Arratsaldean alboka soinua entzungo da
berriro Hernaniko kale guztietan, albokariek agur esateko kalejira egingo
baitute. Bestalde, goiz osoan zehar albokagile azoka-erakusketa izango da
Tilosetan eta bertan, tresna hau egiteko trebetasuna erakutsiko dute
albokagileek.
Antolatzaileek adierazi dutenez, laugarren aldia da Topaketak asteburu guztira
luzatzen dituztela (lehenago egun bakarreko jaia izaten zen) eta topaketa
honekin nahi dutena da Euskal Herriko albokariak elkartzeko aukera izatea eta
musika tresna honen inguruko berrikuntzak ezagutzea. Modu berean, jendeari
soinu-tresna hau eta bere doinuak gerturatzea ere badute helburu topaketa
honekin.
Larunbatean |
Ibon Koteronen emanaldia: Biterin, arratsaldeko 19:00etan. Airea diska aurkezteko saio berezia. |
Igandean |
10:30etan:
Albokariak Udaletxeko arkupetan elkartuko dira. 11:00etan: Albokari taldeen kalebuelta Kaxkoan zehar. Tilosetan albokagile azoka-erakusketa. 12:30etan: Albokaldia. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako albokariek emanaldia Tilosetan. 14:30etan: Herri Bazkaria Santa Barbara soziedadean. (Parte hartzaile ez direnek 12 euro) 18:30etan: Amaierako kalejira Kaxkoan barrena. |