HERNANIKO Udalak Bigarren Mundu Gerran mugalari lanak egin zituzten
hernaniarrak omendu zituen atzo. Mugalari hauek badute beraien txokoa Hernanin
atzodanik, Osiñagan beraien omenez propio egindako gune batean.
Ekitaldia Udaletxean
Goizean, ohiz kanpoko plenoa egin zuten Udaletxean. Bertan izan ziren
hernaniar mugalarien senide eta lagunak eta alderdi ezberdinetako ordezkariak.
Baita Donibane Lohitzunetik etorritako Comète-aren Lagunen Elkarteko kide ugari
ere (frantsesak, britaniarrak, kanadienseak...). Horretaz gain komunikabide
ugari izan zen bertan.
Deklarazio instituzionala irakurri eta aho batez onartu zuten talde politikoek.
Horren ondoren Comète-aren Lagunen Elkarteko kide batek hitz batzuk egin zituen
guztien aurrean eta Alkateak elkarte honen bisita liburua sinatu zuen. Ekitaldia
bukatzerakoan dokumental bat ikusi eta luntx txiki bat izan zuten gonbidatu
guztiek.
Zubi bat, oroitzapenerako
Omenaldiak Osiñagan jarraitu zuen gero. Auzo honetan, Loidi inguruan,
mugalarien omenezko gune bat erakutsi zuten. Bertan, zubi itxurako monumentu bat
jarri dute, omenduak iheslarien ´askatasun zubi` izan zirela sinbolizatzeko.
Horren ondoan plaka bat ere badijoa lema honekin: II. Mundu Gerran askatasunaren
alde aritu ziren hernaniarrei. Agurra dantzatu ostean Florentino Goikoetxeak
lagundu zuen iheslari batek hitz egin zuen, hernaniarrak egindakoa goraipatuz.
Goikoetxearen senide batek ere bertsoak esan zituen, eskerrak emanez.
Jarraian, gonbidatu guztiak Altzueta sagardotegira joan ziren bazkaltzera,
Goikoetxearen jaiotetxera.
Liburua azaroan
Udaletxeko ekitaldian jakinarazi zutenez, azaro aldera liburua ateratzekotan
dira mugalarien inguruan, Udalak enkargatuta. Juan Carlos Jimenez de Aberasturi
historialaria dabil lan horretan.