«Olioa arraskan behera botata aberia haundia egiten zaie etxeko tuberiei»

Kronika - Erredakzioa 2005ko ira. 29a, 03:00

Ze kopurutan jasotzen da olioa Hernanin? Hernanin oliotan jasotzen den kantitatea gutxi gora behera 240 litro ingurukoa da. Oporretan-eta askoz gutxiago izaten da, jendea joan egiten delako. Hori oliotan, baina hondakin solidoetan ere 200 kilo inguru jasotzen ditugu hilabetean: aerosolak, pinturak eta erradiografiak ere dexente jasotzen ditugu. Hori da gehien biltzen dena, baina garbiketarako produktuak, motorretako olioa, automobilen bateriak, tonnerrak, informatika ekipoak eta antzekoak ere jasotzen ditugu kopuru txikiagotan. Orokorrean ingurumena kutsatzen duten produktuak dira biltzen ditugunak.
Zertarako erabiltzen da jasotakoa? Olio begetala gasolina ekologikoa egiteko erabiltzen da, biodiesel delakoa. Industriako olioa berriz, berrerabili egiten da. Edukiontziei dagokionez, olioarekin erabilitako kristalezko eta plastikozko botilak ere birziklatu egiten ditugu, berriro erabiltzeko. Jaboiak egiteko ez da berrerabilitako olioa erabiltzen? Ez, lehen olio begetala erabiltzen zen horretarako, baina orain dena biodiesel-a egiteko erabiltzen da. Jaboiez gain kosmetikoak, animalientzako janaria-eta egiten ziren, baina orain janariarena adibidez debekatua dago.
Zergatik da txarra olioa arraskan behera botatzea? Jendeak pentsatzen du olioa arraskatik botatzeak ez duela ezer egiten, baina egia esan, tuberietan itsatsita geratzen da eta pixkanaka hodia jaten du. Denborarekin olioa hor botatzeagatik milioi bateko aberia eduki dezakezu, eta tuberia guztiak aldatu beharra. Jende asko ez dago horretaz mentalizatua, eta arraskan behera botatzen du, gero ur beroa botata arazoa konponduta dagoela pentsatuta.
Jendea kontzientziatua al dago? Jendeak gai honen inguruan geroz eta kontzientzia gehiago dauka. Pixkanaka dijoa, birziklatzen hasi diren beste produktuekin bezala. Orain plastikoa eta kristala birziklatzeko kontenedoreak beteta daude ia beti eta guk berrerabiltzen ditugun produktuekin ere berdina gertatuko da. Hernanin adibidez, 180 pertsonatik 220ra pasa gara denbora gutxian eta orokorrean jasotzen ditugun produktu guztietan kopuruak hazten ari dira.
Zenbatekoa izan da igoera? Ni nagoenetik igoera haundia izan da, %10 edo %15 igo da gutxienez. Igual pertsona kopurua ez da hainbeste hazi, baina bai biltzen dena.
Ze jende mota da gehien birziklatzen duena? Hernanin jende gazte asko etortzen da baina zaharrak ere dezente dira. Gazteek ez dute hainbeste olio begetal ekartzen, hori nagusiagoek egiten dute. yy
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!