Buenos Aireseko Hernanin altzariak erosten

Kronika - Erredakzioa 2005ko ira. 26a, 03:00

aurten hil da Buenos Airesen Mario Hernani Basile, 83 urte zituela. Argentinan jaioa, bere aitak operarekin zaletasun haundia izan zuen eta batez ere Verdi konpositorearen lanak izan zituen gustoko. Giuseppe Verdik berriz, Victor Hugoren ´Hernani` antzezlanean oinarrituta opera bat idatzi zuen. Antza denez Mario Hernani Basileren aitari asko gustatzen zitzaion opera hura, bere seme bati izen hori eman baitzion. Gero, urteen poderioz, hazten joan zen Basile gaztea, eta negozio askotan ibili ondoren altzari zaharren salerosketan sartu zen 1972an bere anaiarekin. Handik urte batzuetara denda jarri zuten Buenos Aireseko San Telmo auzoan. Negozioari izena jartzerako orduan buruari buelta asko eman behar izan zizkioten. Hasiera batean ´Britania` izena jarri nahi izan zioten, baina orduantxe Argentina eta Britania Handiaren arteko gerra hasi zen Malvina Irlak zirela eta. ´Tiempos` izena ere jarri nahi izan zioten, baina inguruan ba omen zegoen izen hori zuen beste denda bat. Azkenean, Basile jaunak, bere emazteari kasu eginez ´Hernani` jarri zion dendari. Sorpresa haundia hartu omen zuen, 1984an hernaniar batzuk dendara sartu eta izenagatik galdezka hasi zirenean. Gero, galderak egin zituztenek Hernani izeneko herri batetik zetozela esan ziotenean, harrituta geratu zen. 63 urterekin jakin zuen kasualitatez, bere izena nondik zetorren.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!