Erasun eta Aranalde onenak kilo gutxiren aldearekin

Kronika - Erredakzioa 2005ko ira. 26a, 03:00

Erasunek eta Aranaldek 5.193 kilo ebaki zituzten eta Mitxelenak eta Urkik 5.126,5 kilo. Belarra pixu zegoen eta horrek erabaki zuen atzoko saioa. Seina sail ebaki zituzten eta irabazleek maila bat gehiago besterik ez.

JUAN Manuel Erasunek eta Mikel Aranaldek irabazi zuten atzo Jauregin jokatu zen bikotekako norgehiagoka, Bixente Mitxelena eta Jesus Mari Ormaetxea Urki-ren aurka. Irabazleek 5.193 kilo ebaki zituzten eta galtzaileek 5.126,5 kilo. 67 kiloko aldea, baina, sailetan berdin ibili ziren. Seina sail ebaki zituzten eta azkenekoan maila bakarra gehiago ebaki zuten irabazleek.

Parean ordubete osoan
Hasi zirenarekin batera antzeman zitekeen alde haundirik ez zela izango bi bikoteen artean. Hasieran Erasun eta Aranalde aurreratu ziren baina, Mitxelenak eta Urkik inork uste ez zuela, lehenago bota zuten 4garren saila. Erasunek eta Aranaldek pixkanaka terrenoa jan zieten Mitxelena eta Urkiri eta seigarren saila lehenago bukatu zuten. Zazpigarrenean erdiak moztu zituztenean bete zen segan aritzeko zuten ordubetea.
Txanda librean zen norgehiagoka eta Erasun eta Aranalde maila erdika aritu ziren elkarri erreleboa ematen; Mitxelenak eta Urkik batzutan hiru txandatan moztu zuten maila.

Belarra bustita
Goizeko euriak blai egin zituen atzo Jauregiko sailak eta belarrak pixu haundia hartu zuen. Belar pixua izanda edozeinek irabazi zezakeela ikusten zen, lana txukun xamar egin ezkero behintzat.
Irabazleek Kronikari adierazitakoaren arabera, belarra bustita zegoen eta horrek lana konplikatu eta zakartu egin zien pixka bat. Aranalde: ´sega kolpea moteldu egiten da eta belarra segari erantsi egiten zaio`.

Penalizazioak
Kiloak kendu ere egin zituzten atzo epaileek, penalizazio lege berria aplikatuta. Txukun mozten ez duenari txartel gorriak ateratzen dizkiote eta txartel bakoitzagatik 20 kilo kentzen dizkiete. Irabazleek hiru txartel gorri (60 kilo) ikusi zituzten eta galtzaileek bi (40 kilo).

Irabazleak gustora
Bi irabazleak gustora aritu ziren atzo segan elkarrekin, eta biek azpimarratu zuten lagunaren lana. Erasun: ´bizi egin beharreko lana da txanda librekoa eta ondo moldatu gara horretan`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!