JOSE Ramon Chicak, Hernaniko Udal Talde Sozialistaren izenean eskatu du
Ibaiondoko oinezko bidea eta Karabel auzoa elkartzeko, orain oztopoan dauden
zaborrak garbituta. PSOE-EEk dioenez, gaur egun zubiaren azpian berja bat eta
pareta bat daude lehengo fabrika zaharren fatxadatik Urumeako ibai ertzeraino
iristen direnak eta horrek ezinezko egiten du jendea bertatik pasatzea.
Bidea ireki eta argia jarri
Jose Ramon Chicak eskatzen du, zaborra garbitu, bidea ireki eta argia
jartzeko, Errugbi eta Futbol zelai atzetik datorren bidea atseginagoa eta
ziurragoa izan dadin. ´Gaur egun jendeak zubia goitik gurutzatu beharra dauka
eta hori oso arriskutsua da`. Horrez gain, eskatzen du asfaltatutako bide bat
ere egin beharko litzatekeela larrialdietan ibilgailuak ibiltzeko modukoa, eta
zubitik behera jaisteko dauden eskilarak eta barandua ere konpondu beharko
liratekeela.
Orain dela bi urte Zerbitzu Publikoetan eskaria sartu zuen Hernaniko PSOE-EE
taldeak, eta Chicak dioenez oraindik ez du Udalak pausorik eman. Chicak eskarian
esaten du abantaila asko izango lituzkeela oinezko bidea Ibaiondotik
Karabeleraino luzatzeak, gehienbat Hernaniko herritarrentzat.