Kantuzek jende berriari dei egin dio 16garren ikasturteari ekiteko

Kronika - Erredakzioa 2005ko ira. 28a, 03:00

Entsaiatzen hasia da abesbatza, astelehen eta asteazkenetan.

KANTUZ abesbatzak hasi du ikasturte berria, hamaseigarrena. 1989an sortu eta gaur arte jende asko pasa da bertatik eta ekitaldi ugaritan hartu izan du parte Kantuzek. Urriaren 15ean izango dute ikasturteko lehen kontzertua, Aguraingo koroarekin batean, Milagrosan. Ensaioak, berriz, astelehen eta asteazkenetan dira 19:30etatik 20:45etara. Ateak zabalik ditu Kantuzek, nahi duena inongo konpromezurik gabe azaltzeko.

Deialdi berezia
Aspaldikoak, hasi berriak, heldu, gazte... jende asko dabil Kantuzen. Hala ere, zuzendaritzak deialdi berezia egin du, jende berria animatzeko. ´Kantatzeko gogoa duen edozein` animatu nahi dute, baina bereziki jende gazteari eta gizonezkoei egin diete dei: tenoreak eta bajuak behar dituzte. Jendea animatu dadin, koro tradizionala desmitifikatu beharra dagoela diote Kantuzeko kideek: ´Koro bat ez da bakarrik ilaran jarri eta kantatzea. Kalera ateratzen gara kantura, topaketak egiten ditugu, herriko hainbat ekitalditan parte hartu...` eta modu ez ofizialago batean, beraien artean egiten dituzten festak ere nabarmendu dituzte.

Korua ezagutzeko gonbitea
Koru bat ezagutzen ez duenak zenbait kezka izan litzake: mailarik ez ote duen izango, solfeorik ez jakitea, ahotsez iritsiko ote den... horiek ´mitoak` direla diote Kantuzekoek, koruan edozeinek abestu dezakeela, behar den laguntzarekin. Horren adibide Joxe Mari Ezeiza da, iaz hasia: ´kanturako afizioa nuen, baina pausua ematea kosta egin zitzaidan. Etorri eta lehenengo egunetik lagundu zidaten. Oso giro ona topatu nuen eta denborarekin besteen erritmora jarri naiz` dio.

Urte guztian ekintzak
Kantuzek baditu aktuazio fijoak: Sta. Zezilia, gabonak, kontzertu sakroa, Kantuz eguna, San Joanak, Preludioa, Sta Ageda, Olentzero eta inauteriak. Beste herrietako koroekin trukeak ere egiten ditu: Luarka (Asturias), Agurain, Lizarra, Lesaka... Inauterietarako zerbait berezia prestatzen ari omen dira, baina, oraindik ezin dute gehiegi aurreratu. Herriarekin, kulturarekin eta hizkuntzarekin daukaten konpromezua ere azpimarratu nahi izan dute Kantuzeko kideek eta urtean zehar herrian izaten diren ekitaldietan parte hartzeko gogoa eta asmoa azaldu dute aurten ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!