Mugalariak, askatasun zubi

Kronika - Erredakzioa 2005ko ira. 25a, 03:00

Bigarren mundu gerra duela 60 urte bukatu zen eta ospakizun ugari izan dira aurten horren inguruan. Gerra hark ez zuen Hernanin zuzenean eragin, baina hernaniarrek bai izan zutela zerikusirik nazien kontrako borrokan. Hernaniko mugalariak pilotu aliatuen ´askatasun zubi` bilakatu ziren. Beraiek dira: Florentino Goikoetxea, Tomas Anabitarte, Martin Errazkin eta Juan Manuel Larburu. Segidan, hernaniar horien historia azaltzen saiatuko gara.

GERRA Zibilak gogor jo zuen Euskal Herria eta baita Hernani ere. Gerra osteko goseak eta errepresioak eraginda, Hegoalde eta Iparraldeko mugak garrantzi haundia hartu zuen eta asko izan ziren kontrabandoan ibili zirenak.
1939an hasi zen Bigarren Mundu Gerra eta hilabete batzuen ondoren alemanek Belgika, Holanda, Luxemburgo eta Frantzia okupatu zituzten kasik gerrarik egin gabe. Baina herrialde horien barruan erresistentzia sare haundiak sortu ziren. Pilotu aliatuek, batipat britainiarrek, etengabe bonbardatzen zituzten alemanen fronteak. Baina hegazkin asko alemanen baterietatik ihes egin ezin eta lurralde okupatuan erori ziren. Pilotu horiek babesik gabe geratzen ziren lurralde ezezagun batean.

Comète sarea sortzen: Tomas Anabitarte
Andrée De Jongh, Dédée izenez ezagunagoa, gerra hasieran iritsi zen Baionara. Bere asmoa zen pilotu iheslariak hiri horretatik Hego Euskal Herrira pasatzeko sare bat osatzea, Comète sare haundiaren barruan. Comète sarea Belgikatik Gibraltarreraino iristen zen eta helburua zuen Frantzia okupatutik Espainia ´neutralera` pilotu britainiarrak eta agente belgikar eta frantziarrak pasatzea, Gibraltar ingeles koloniaraino eramanez.
Horretarako, Dédée-k De Greff senar-emazteekin kontaktatu zuen (gerratik ihesi, Baionara iritsitako Belgikako familia bat), hauek aldiz, Tomas Anabitarte hernaniarrarengana jo zuten. Otsua-enea Aundiko seme honek lotu zuen sarearen lehenengo lokarria eta kontsulatu britainiarrera eraman zituen Dédée eta Bernardo Arakama donostiarra. Kontsulatuak plan hura onartu zuen eta diruz lagundu zuen Comète sarea.

Florentino Goikoetxea, kontrabandista eta mugalaria
Sarearen antolatzaileek kontrabandoan zebiltzan pertsonak lagungarri izango zirela pentsatu zuten, beraiek ezagutzen zuten zonalde hori inork baino hobeto. Orduan jo zuten Florentino Goikoetxearengana.
Hernaniarra, Altzueta baserrian 1898an sortua, arrantzale amorratua zen, baina kontrabandoan ere ibilia zen gaztetatik. Gerra Zibila hasi zenean Ziburura alde egin eta kontrabandoan jarraitu zuen. 1941ean mugalari lanak egiteko eskaini zioten eta lau urte luzez 227 pilotu eta agente aliatu pasa zituen alde batetik bestera, Bidasoan zehar. Altzuetakoa ihesean zebiltzanen askatasun sinbolo bilakatu zen, leialtasun, seriotasun eta ahalegin haundiz pasatzen baitzituen pertsona horiek mendietan barrena ibilaldi luzeak eginda.

Arbide-Garayar familia, gordelekua Oiartzunen
Florentino Goikoetxeak, Bidasoaren alde honetara gurutzatutakoan Oiartzungo Altzibar auzora eramaten zituen iheslariak. Bertan bizi zen Arbide-Garayar familia hernaniarra eta haien etxean hartzen zuten ostatu. Horren ondoren, Hernaniko mugalaria iparraldera itzultzen zen, kontrabandorako produktuak alde batetik bestera pasatzeko.
Gerra azkenetan zegoenean, gerra-frontea Frantzira pasatu zen eta ezinezkoa zen iheslariak mugatik pasatzea. Baina Florentinok De Graff-tarren eskutik britainiar zerbitzuei zuzendutako gutunak pasatzen jarraitu zuen, ezustean naziek zauritu eta harrapatu zuten arte. Hala ere, zeramazkien dokumentuak nolabait ezkutatzea lortu zuen. Gestaporen eskuetan torturak jasan zituen hernaniarrak, baina erresistentziak preso zegoen lekutik askatu eta leku seguruan gorde zuen 1944ko abuztu amaiera arte, naziek alde egin zuten arte, alegia.
Gerra bukatutakoan, Florentino Goikoetxea herrialde aliatuen domina garrantzitsuenekin kondekoratu zuten, iheslarien alde eta nazien kontra egindako lanagatik esker onez.

Martin Errazkin eta Juan Manuel Larburu
Florentino Goikoetxea da Hernaniko mugalari ezagunena, baina ez bakarra. Berarekin batera aritu zen mugalari lanak egiten Martin Errazkin Iraola, 1909an Otsua-enea baserrian jaioa. Bizilagunak ziren beraz, eta bizilagun zuten Tomas Anabitarte ere. Gaztetatik ezagutzen zuten elkar hirurek, Osiñagako auzoan hazi eta ibiliak baitziren.
Errazkinek kontrabandoan jarduten zuen eta Florentinori laguntzen zion iheslariak alde batetik bestera pasatzen. 1943ko abenduan iheslari talde bati laguntzen ari zitzaion Bidasoa pasatzen, Manuel Iturrioz mugalari orexarrarekin batera. Guardia Zibilak taldea deskubritu eta tirokatu zuen, mugalariek zenbait pilotu salbatzea lortu zuten arren, beraiekin zijoazen beste asko Bidasoan ito ziren. Hura izan zen mugalarien historian momentu latzenetakoa.
Mugalari lanetan ibilitako beste hernaniar bat izan zen Juan Manuel Larburu Odriozola. Preso hartu zuten Urruñako Bidegain-Berri baserrian eta kontzentrazio zentro batean hil zen gerra amaieran.

Udalak mugalari hernaniarrak omenduko ditu bihar

Goizean deklarazio instituzional bat irakurriko dute Udaletxean eta eguerdian monumentu bat inauguratuko dute Osiñagan.

HERNANIKO Udalak omenaldia egingo die bihar Bigarren Mundu Gerran mugalari lanak egin zituzten hernaniarrei eta horretarako ekitaldi sorta bat antolatu du.

Mugalarien inguruko deklarazio instituzionala
Ordezkarien batzarrak onartuta adierazpen instituzionala egingo da Udaletxean ohiz kanpoko bilkura batean (EA, EAJ-PNV, PSE-EE eta EB alderdiek baiezkoa eman dute eta PP abstenitu egin da).
Adierazpen honen funtsa da mugalari hernaniarrak omentzea egindako lanagatik eta jasan zuten sufrimendu eta nekea aitortzea; modu berean, adierazi nahi da, Florentino Goikoetxea eta Europa nazien atzaparretatik libratzen lagundu zuten guztiak memoria historikoan ´berealdiko estimuan` geratuko direla. Azkenik, horien oroimenerako leku bat eraikiko dela dio adierazpenak.

Udalak mugalarien lana errekonozitu nahi du
Udalak prentsa ohar-batean jakinarazi du, biharko ekitaldiekin omendu nahi dituela ´pilotu aliatuei eta erresistentziako agenteei nazien tropetatik ihes egiten laguntzen aritu zirenak`. Izan ere Udalaren ustez mugalari hauen lana izugarri garrantzitsua izan zen eroritako pilotuak salbatu eta berriro hegaz egin zezaten lagundu zutelako ´gogoan izan behar baita airean nagusi izatea ezinbestekoa zela azken garaipena lortuko bazen`, dio Udalak.
Modu berean, Florentino Goikoetxeaz gain, beste mugalarien lana nabarmendu nahi izan du: Tomas Anabitarte, Martin Errazkin eta Juan Manuel Larbururen lana. Horretaz gain Arbide-Garayar sendia ere gogoan izan du bere oharrean Udalak.
Bukatzeko, Udalak jakinarazi du biharko ekitaldira bereziki gonbidatu dituela ´Asociacion de Amigos de Comète` elkarteko hainbat kide, horien artean Comète sarean ibilitako batzuk. Elkarte honek urtero ibilbide bat antolatzen du, gerra garaian pilotu eta agenteek naziengandik ihesi egiten zuten bide berdina jarraituz. Aurten Hernanira etorriko dira kide horiek, Udalak antolatutako ekintzetan parte hartzeko.

Bildu Hernanik bere iritzia azaldu du
Bildu Hernanik ohar batean ´poza` azaldu du mugalarien omenaldiagatik baina salatu du Udalak ez duela beraiekin ´ezertarako kontatu`, modu berean, tamalgarria iruditu zaio ekitaldia ´ezkutuan` antolatu delako eta ´kutsu instituzional soila` eman zaiolako. BHri harrigarria iruditu zaio ´mugalari hauek borrokatu ziren faxismoaren ordezkoak gonbidatuak izatea eta aldiz beste hernaniar askoren ordezkaritza kontuan ez izatea`.

Egitaraua

  • 11:30etan harrera: Ekitaldietan parte hartuko dutenei harrera egingo zaie Gudarien plazan eta Udaletxean. Comète-ko kideak Donibane Lohitzunetik etorriko dira antolatzaileek lagunduta.
  • 11:45etan Udaletxeko ekitaldiak: Udaletxean batzar berezia egingo dute eta bertan adierazpen instituzional bat aurkeztuko da: ´Florentino Goikoetxea eta beste hernaniar batzuk gogoan hartzekoa, II. Mundu Gerran nazismoaren kontrako beren borrokan demokraziaren sendotzean eta Europaren liberazioan egindako lanarengatik`. Segidan Comète sarea eta Florentino Goikoetxeari buruzko dokumental bat ikusiko dute eta luntx txiki bat ere izango dute gonbidatuek.
  • 13:00etan Osiñagara. Gonbidatuak eta udal ordezkariak Osiñagara joango dira denak batera.
  • 13:15etan omenezko lekuan ekitaldia: Mugalarien omenez gune bat prestatu dute Loidi inguruan. Bertan, zubi itxurako monumentu bat erakutsiko dute mugalariak ´askatasun zubi` zirela sinbolizatuko duena eta ondoan plaka bat jarriko dute hernaniar hauek gogoratzeko.
  • 13:45-14:00etan bazkaria. Ekitaldian parte hartu duten guztiak bazkaltzera joango dira Altzueta sagardotegira, Florentino Goikoetxearen jaiotetxera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!