Elias Querejeta (Hernani, 1934) zine
produktorea da eta gidoiak ere idatzi izan ditu. Kimika eta zuzenbidea ikasi
zituen, baina, zinea zen bere pasioa. Hemen dena utzi, eta Madrilera joan zen
zinea egitera, eta 50 pelikulatik gora produzitu ditu. Hernaniarrak hainbat sari
eta omenaldi ere jaso ditu bere lanagatik. Donostiako Zinemaldian izan da
mahainguru batean hizketan, baina, egonaldi motza egin du. Bere agenda estuan
tarte bat bilatu du Hernaniko Kronikarekin hitz egiteko, Maria Cristina Hotelean
hartu gaitu, gozo. Hernani asko aldatu dela dio eta aspaldian ez dela izan;
nostalgia sartzen zaio eta «bai, nere debilidadea!», dio. Hizketan hastean,
ezagun du Hernani ondo barruan daramakiela.
Pelikulak
Los lunes al sol, Cuando vuelvas a mi lado, Barrio, Familia, La espalda del mundo, Asesinato en febrero, Perseguidos, Historias del Kronen, Una estación de paso, 27 horas, Tasio, El Sur, Feroz, Dulces Horas, Dedicatoria, Deprisa, deprisa, Mamá cumple 100 años, Los ojos vendados, A un dios desconocido, Elisa vida mía, Las palabras de Max, Cría cuervos, El desencanto, Pascual Duarte, El espíritu de la colmena, Habla mudita, La prima angélica, Ana y los lobos, El jardín de las delicias, eta Pepermint frape. Beste zenbait lan ere baditu.
Sariak Zinemaldietan:
Berlinen, Cannes-en, Chicagon, Venecian, Vienan, Donostian, Miarritzen, Bordelen, Sao Paulon, Colonian, Valladoliden, San Franciscon, Londresen, Caracasen, Cairon, Miamin, Nantesen eta Italian Europako produktore onenaren saria jaso zuen 1987an. Horretaz gain, 1986an, Espainiako Zine sari nagusia jaso zuen, urteko lanik onenari ematen zaiona; 1998an, Arte eta Zine Akademiaren urrezko domina, eta 2001ean Espainiako Gobernuak Arte Ederren urrezko domina eman zion. 2003an, Donostiako Zinemaldiak, Donostiako Udalak, eta Euskal Filmotekak saritu zuten.
Zer moduz Zinemaldian, Zerk ekarri zaitu aurtengo edizio honetara?
Beno, mahainguru bat egon da zinea eta demokraziari buruz. Hor hitz egitera
etortzeko eskatu zidaten eta horretara etorri naiz.
Zer tesi defenditzen duzu gai horretan?
Zinea eta demokraziaren gaia Espainian kokatu beharrean, nik gaia zabalago
planteatu dut. Zineak, bere sorreratik erregimen politiko ezberdinak bizi izan
ditu munduan: diktadurak, demokrazia mota ezberdinak... eta orokorrean zinea
mugimendu politikoetatik gertu egon izan da, eta gertu egoten jarraitzen du.
Mende honetan, adibidez, Hitlerrek agintea hartu zuenean zinegile askok alde
egin behar izan zuten, eta haiei esker zerbait gehiago dakigu nazismoari buruz.
Nola ikusten duzu zinea eta demokrazia hemen?
Asko hobetu dugu, ezta? Demokrazia aurretik bi zentsura pasa behar izaten
ziren. Gidoia idatzitakoan bat, eta pelikula bukatutakoan bestea. Ni orduan,
saiatzen nintzen gidoiarekin zentsuratzailea engainatzen, behin gidoia onartu
eta gero benetako pelikula egiteko. Pelikula eginda, dena bukatuta zegoenean,
beti ere zailagoa izaten zen aldatzea, moztea. Baina, hura izugarria zen, bai.
Orain, gauza ikaragarri aldatu da, baina, ez dugu konformatu behar. Oraindik ere
gehiago sakondu behar dugu, bai alde demokratikoan, eta baita, zinean, gure
eginkizunean ere.
Denboran atzera eginda, nola gogoratzen du Elias Querejetak ume eta
mutilkozkor garaiko Hernani?
Oso ondo, oso ondo gogoratzen dut. Orain dela urte batzuk Hernani
urtekarirako elkarrizketa egin zidaten eta han Antoine de Saint-Exupery-ren zita
bat aipatu nuen, Printze Txikiaren egilearena. Testu haietan esaten zuen bere
aberri bakarra haurtzaroa zuela. Nik berari jarraituz esan nuen nere aberri
bakarra ere haurtzaroa dela eta beraz Hernani dela nere aberri bakarra.
Hernanin oso ondo pasa nuen. Lagun onak izan nituen, segitzen dut lagun onak
izaten, eta beti egiten dudan bezala, eskuminak Eusebio Muñoa Rekondori.
Tilosetako plazak, Santa Barbarak... oroitzapen berezia omen dute zuretzat?
Tilosetako plazan (zorion aurpegia jarrita)... Txirri frontoia... gero bota
egin zuten, ez dakizu zuk nik zenbat jokatu dudan Txirrin. Zintzotasuna zinea
ere bai. (Gaur ez da egongo, noski?) Hara joaten ginen pelikulak ikustera.
Futbolaria ere izana zera...
Bai (parrez). Etxean ere ibiltzen ginen, Eusebio porteroa zen. Gola sartzen
nion bakoitzean, builaka Milagro!, milagro! esaten nuen. Realean 5-6 denboraldi
egin nituen.
Nondik nora hasi zen Elias Querejetaren zine ibilbidea?
Ba ez dakit. Beti gustatu izan zait zinea, umetatik. Gero, Donostian
zinekluba jarri genuen lagun batzuen artean. Zine mundura hurbiltzen eta
hurbiltzen joan nintzen, eta gero, erabaki nuen futbola eta dena utzi, eta
Madrilera joatea zinea egitera. Garai hartan Madril zen ofizio horretan ari
zitekeen leku bakarra.
Kostatako erabakia izango zen dena utzi eta Madrila joatea?
Beno, bai. Madrilera joatekotan nenbilenean, pertsona batek nere anaia
zaharrenari, Jose Mariri, galdetu zion zurrumurrua zabaldu zela eta ia egia ote
zen nik Donostia utzi, futbola utzi, dena utzi eta Madrilera joan behar nuela...
zinera dedikatzera. Eta Jose Marik: ah, ez dakit, galdetu Eliasi. Eta, orduan
beste pertsonak: aizu Jose Mari, ez zan ba marikoi sartuko ezta?
Eta gero, Madrilen nola moldatu zinen?
Ez zen errexa izan, baina, lanean hasi nintzen pixkanaka... saiatu nintzen
zinean egin nahi nuena eta interesatzen zitzaidana egiten. Zinea ulertzeko modu
jakin bat dut, ofizioari heltzeko modu bat. Horrela lan egin dut beti, eta orain
ere halaxe jarraitzen dut. Hortik aurrerakoa, bestek esango du.
Gai sozialak eta eguneroko bizitzari oso lotuta dauden kontuak landu edo
bultzatu dituzu askotan.
Neri interesatzen zaizkidan gaiak landu izan ditut, eta uste dut pertsona
asko eta askori interesatzen zaizkienak direla. Batzuetan ez dira kontatzen,
baina, kontatu ezkero, beren erreflejoa izaten dute eta jendeak estimatu egiten
ditu. Nolabait, kontatzen den horrekiko gertu sentitzen dira.
Kosta egiten al da zineko ibilbide osoan jarrera bati eustea?
Kosta, kosta... denei kostako zaie berea, ezta? Ni ez nago horri begira. Nik
lana ulertzeko modu bat dut, eta horri jarraitzen diot.
Zinemaldira etorrita, egin al duzu Hernanira bueltarik?
Ez, ez naiz izandu. Eta aitortu behar dut: azkeneko aldian izan nintzanean,
halako nostalgia sartu zitzaidan...! Hainbeste aldatu da dena, ez dakit, nere
debilidadea...! Egia esan aspaldian ez naiz izan, eta oraingoan egon naiz
sartu-atera bat egitekotan, baina, ez, halako zerbait ematen zidan-eta, ez, ezin
dut.
Elias Querejetaren lanak sari asko jaso ditu, prestigio haundikoak batzuk,
zure jaioterrian jasotakoa ere bai tartean. Xalapartak Hernaniar Bikaina
izendatu zintuen.
Bai, Xalaparta Elkarteak eman zidan bai. Oso sari berezia izan da neretzako
bai, eta bene-benetan esaten dut. Hernanin egon nintzen, eta saria Maria
Rekondori eskaini nion, Eusebio Muñoa Rekondoren amari.
Ze proiektutan ari zara orain lanean?
Lan pare bat grabatzen ari gara, eta espero dut bi-hiru hilabetean bukatuta
egotea. Nere alaba bere hurrengo pelikula prestatzen ari da... eta hortxe,
lanean. Lan egitea gustatzeko suertea daukat.