BILBOKO Rekalde aretoak denboraldi berria hasi du eta bertan erakutsiko den
lehen erakusketa Azucena Vieites-en Aditu dakardana izenekoa da. Artista
hernaniarraren erakusketa honekin batera Nerea del Pozoren beste erakusketa bat
ere ikusi daiteke areto horretan.
Azucena Vieitesek duela gutxi irabazi zuen Gure Artea sari garrantzitsua eta
orain arte erakusketa eta proiektu askotan parte hartu badu ere, lehenengo aldia
da bere obrak horrelako monografia batean berak bakarrik erakusten dituela.
‘Aditu dakardana’ eta Ari rap kantariaren abestia
Egun hauetan Bilbon ikusgai dagoen hernaniarraren erakusketaren izena Ari
rap kantari afrikarraren abesti batetik aterata dago (Oye lo que traigo) eta
erakusketa honetan Veitesek uztartu nahi izan ditu sormen mota ezberdinak,
underground deitzen den eremutik hasita. Emakume generoaren ikuspegitik lantzen
ditu bere obrak artista honek.
Oinarri bezala hartzen ditu moda aldizkariak, fanzineak, zinematik ateratako
eszenak edo musika disken karatulak eta horiekin marraztutako irudiak egiten
ditu hernaniarrak. Aditu dakardana erakusketa 400 marrazki eta digitalizatutako
18 inpresioz osatuta dago, eta hamar sailetan banatuta, horien artean Feminist
Sweepstakes izenekoa.