Lokalak etxebizitza bilakatzeko araudia aztergai

Kronika - Erredakzioa 2005ko ira. 23a, 03:00

Agustinetako hotelaren erabilera aldaketari buruz ere hitz egingo da gaurko batzordean

GAURHirigintza Batzordea bilduko da Udaletxean eta lokalak etxebizitza bihurtzeko araudia aztertuko dute, besteak beste. Baldintza jakin batzuek betetzen dituzten merkataritza lokalak etxebizitza bihurtzeko proposamena eramango du gobernu taldeak gaurko batzordera. Horretarako oraindik indarrean dauden Arau Subsidiarioei aldaketa puntual bat egitea da proposamena: erabilera-aldaketa ordenantza baten bidez arautzea. Iñaki Arratibel Hirigintza Zinegotziaren arabera ´segurtasun juridiko haundiagoa emango diegu lokala etxebizitza bilakatzeko baimena eskatuko dutenei`. Udalak onartuta, Foru Aldundiaren onespena beharko du proposamenak.

2006tik aurrera
Arratibelen arabera, aukeratutako formula hau aurrera aterako balitz, ´datorren urtean hasi ahal izango du udalak erabilera-aldaketarako baimenak ematen`. Arauak aldatu ondoren, ordenantza egiteko ´presazko prozedura` erabiliko dute, baina ´talde politikoek eta partikularrek aurkeztutako zenbait alegazio hartuko dira aintzat`, dio.
Udal gobernuak jakitera eman duenez ´merkatuko prezioei aurre egiteko zailtasunak dituztenei etxebizitza bat lortzea erraztu nahi zaie eta interes komertzial urria duten zenbait lokali irteera eman`.

Agustinatako etxeak
Arau Subsidiarioen beste aldaketa bat ere eztabaidatuko da Batzordean: Agustinetako hotela zijoan lekuan etxebizitzak egitea. Birkalifikazio horrek sorraraziko dituen plusbalioak ´haurtzaindegi berria eraikitzeko` erabiliko ditu Udalak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!