Lau segalari onenak neurtuko dira igandean Jauregin, bi bitara

Kronika - Erredakzioa 2005ko ira. 23a, 03:00

Erasun eta Aranaldek osatuko dute bikote bat eta Urkik eta Mitxelenak bestea. Ordubeteko saioa, zeinek kilo gehiago moztu. Igandean, eguerdiko 12:00etan.

Euskal Herriko Sega Txapelketan finala jokatu duten lau segalariak ariko dira, datorren igandean Jauregiko zelaian. Bi bitara neurtuko dituzte indarrak, txanda librean, ordubeteko saioan, zeinek belar gehiago ebaki. Alde batetik Bixente Mitxelena eta Jesus Mari Ormaetxea Urki ariko dira eta beste aldetik Manuel Erasun eta Mikel Aranalde. Segalari bakoitzak zorroztu beharko du bere sega. Euskal Herriko sega txapelketako finala asteburuan jokatu da Errezilen eta Erasun izan da txapelduna; Mitxelena bigarrena; Urki hirugarrena; eta Aranalde laugarrena. Igandekoa errebantxa txiki bat izan liteke, buruz buru beharrean bi bitara izango bada ere.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!