Ehundaka urteko ohiturari jarraipena emango zaio Rekalde, Olazar eta Mandazubi inguruko mugarriak bisitatuta. 08:30etan aterako dira autobusak Urbieta kaletik.
LARUNBAT honetan izango da mugarriei urtero egiten zaien bisitaldia. Ehundaka urte duen ohitura hau duela 15 urte berreskuratu zuten eta urtero egin izan da ordudanik. Hernanik inguruko herriekin dituen mugak markatzen dituzten mugarriak bisitatzen dituzte, ondo dauden ikusteko.
Bi ibilbide antolatu dituzte larunbata honetarako, bata helduentzako eta bestea haurrentzako. Haurrentzako ibilbidea Rekaldetik Mandazubira izango da eta bertan helduek ere parte hartu dezakete. Helduentzako ibilbidea luzeagoa da, Mandazubitik Olazar arteko mugarriak bisitatuko dituzte ibilbide honetan.
Hamaiketakoa eta jolasak
Ibilbide hasierara joateko autobusa jarri du Udalak, doan izango da eta goizeko 08:30etan aterako da Urbieta kaletik. Ibilbidearen erdian hamaiketakoa egiteko aukera izango dute parte hartzaileek. Horretaz gain, mugarri bisitaren arduradunek jolasak antolatu dituzte haurrentzako. Ibilaldiek 12:30ak arte iraungo dutela kalkulatu dute, gutxi gora behera.
16 mugarri guztira
Hernanik Donostia, Astigarraga, Lasarte, Urnieta, Arano, Elduain eta Errenteriarekin egiten du muga eta 16 mugarri daude guztira. Horietan berriena duela hilabete batzuk Oialumen jarritako mugarria da, Astigarraga eta Hernani bereizten dituena, eta Oialume Hernanikoa dela adierazten duena.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!