EUSKARAREN erabilerak lau puntu egin du gora azken lau urtetan,
Soziolinguistika Klusterrak 2005ean egindako kale neurketa baten arabera.
Elkarte honek helarazitako neurketaren aurrerapen batek dio Hernaniarren %31ak
hitz egiten duela euskaraz kalean gaur egun, 2001ean aldiz %27ak hitz egiten
zuen hizkuntza honetan. 1989tik lau urtean behin egin izan dira kale neurketak
Hernanin, baina 2001 arte erdigunean bakarrik egin dira. Neurketa horiek
adierazten dute Erdigunean 11 puntu igo dela euskara erabilera, baina azken
urteetan gorazko joera eten egin dela (ikusi grafikoa).
Erabilera zonaldeetan
Soziolinguistika Klusterraren txostenak zonaldeka ere sailkatu du erabilera.
Txostenaren aurrerapenak dio Ereñotzun jaso dela indize altuena (%88) eta
Sagastialde, Florida, Karabel eta Zikuñagan bajuena (%15-18). Erdigunean,
Elizatxo-Portun, Gartzia Goldaratzen, Marieluts eta Latsunbe Berrin, %30-35eko
indizea jaso da eta Larramendi-Lizeaga eta Antziolan %27 ingurukoa.
2001eko neurketarekin alderatuta, erabilerak behera egin du Erdigunean,
Marielutsen eta Latsunbe Berrin, eta bereziki Ereñotzun eta Larramendin. Gora
egin du berriz Elizatxon, Gartzia-Goldaratzen, Antziolan eta
Sagastialde-Floridan.
Adina eta sexua
Adinari dagokionez, haurrak dira kalean euskaraz gehien egiten dutenak (%47)
eta elkarrizketa batean haurrek parte hartzen dutenean euskararen erabilerak
nabarmen egiten du gora inguruko nagusietan. Horretaz gain, ikerketaren emaitzek
diote erabilerak bereziki gora egin duela gazteen artean. Sexuari begiratuta,
gizonezkoek joera haundiagoa dute euskaraz hitz egiteko (3 puntuko aldea),
2001ean alderantzizkoa gertatzen zen ordea.
Karabel, Kiroldegia
eta Bertso Eskola ere Euskara Batzordeko bileran
Karabelen euskara klaseak emateko aukera ikusi dute.
Euskararen kale erabilerari buruzko neurketaren emaitzak aztertzeaz gain,
beste hainbat puntu ere eztabaidatu zituen atzo Euskara Batzordeak: Bertso
Eskolaren memoria eta egitasmoa, Karabelen euskara klaseak emateko proiektua eta
Kirol Patronatuko euskara plana.
Kirol Patronatuko euskara planari dagokionez, planak bilatzen du, kiroldegia
herritarrei eskeitzen dien zerbitzu gune bat izanda, zerbitzu horiek euskarazko
hizkuntz irizpideak betetzea.
Karabelen euskara klaseak emateko proposamena
Karabelgo auzotar batek proposamena eginda, bertako auzo elkartean
euskarazko klaseak emateko proiektua ere eztabaidatu zen atzo. Dena den,
proiektu eta plan horien aurrekontuak osoko bilkuran onartu beharko dira.