Plaza lepo bete zen sagar eta sagardoaren inguruko 11garren festan.
Azken urteetan ez bezala, primerako eguraldia egin zuen atzo, 11garren sagar eta sagardoaren jaian, eta jendeak ez zuen hutsik egin. Tolarea kofradiako kideen hitzetan 1.300 baso inguru banatu zituzten, eta beren aurrikuspen guztiak hautsi. Aurtengorako 1.000 edalontzi ateratzeko asmoa zuen Tolareak, baina, jendearen erantzuna ikusita gehiago ere inguratu behar izan zituzten.
Hernaniko 11 sagardotegietako sagardoa probatzeko aukera izan zen eta ateratzen sagardogileak berak eta herriko jendea aritu zen.
Sagar biltzen
Sagar arbola bat ere izan plaza erdian, sagar eta guztikoa, Iparragirre sagardotegikoek ekarria. Haren azpian kixkiarekin sagar biltzen aritu ziren eta umeek ere izan zuten ofizioa probatzeko aukera. Bestalde, eskuzko tolare batean zizarra egin zuten Barkaiztegi sagardotegikoek eta jendeak muztio gozoa probatzeko aukera izan zuen. Iradi eta Urangak Hernanin bildutako sagarra jarri zuten erakusketan eta Diputazioak ere jarri zituen: guztira, 35 bat sagar barietate. Festari doinua, berriz, trikitixa txapelketak jarri zion.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!