DATORREN astelehenean, hilak 26, omenaldia egingo zaie Bigarren Mundu Gerran
mugalari lanetan ibilitako hernaniarrei. Horretarako ekitaldi sorta bat antolatu
du Hernaniko Udalak.
Ez dira gutxi hernaniarren laguntzarekin mugaz bestaldetik alde honetara pasa
zituzten iheslariak. 1941etik 1944ra bitartean 800 pertsona inguru pasa
zituztela kalkulatzen da. Alemanek okupatutako Frantziatik, Espainia
´neutralera` pasatzen zituzten iheslari hauek. Modu horretan, Bidasoan barrena,
Euskal Herria eta bertako mugalariak salbazio ´zubi` izan ziren, bai nazien
kontrako erresistentzian ibiltzeagatik ihes egiten zutenentzat eta baita soldadu
´aliatu`-entzat ere.
Hernaniarrak mugalari
Paper garrantzitsua jokatu zuten beraz mugalariek gerra denboran eta horien
artean hernaniar batzuk aurkitzen dira. Florentino Goikoetxea da ezagunena,
baina mugalari izan ziren baita ere: Martin Errazkin, Tomas Anabitarte eta Juan
Manuel Larburu. Azken honek kontzentrazio gune batean bukatu zuen bere bizia.
Horrez gain, Comète sare haundi honetan modu batean edo bestean lagundu zuten
hernaniar ezezagun asko badira, mugalarien arteko kontaktuak egiten, ostatu
ematen...
Omenezko ekitaldiak astelehenean
Ekitaldiz kargatutako astelehena antolatu du Hernaniko Udalak. 11:30etan
ongi etorria egingo zaie omenaldira gonbidatutakoei Gudarien plazan. Horren
ostean Udaletxean batzar berezia izango da eta bertan adierazpen instituzional
bat irakurriko dute mugalari hernaniarrei esker onez. Gero Comète sarea eta
Florentino Goikoetxeari buruzko dokumental bat ikusiko dute eta ondoren lunch
bat izango da guztientzat.
Horren ostean Osiñagara joango dira udal ordezkariak eta omenaldiko parte
hartzaileak. Loidiko zubi inguruan hernaniar mugalarien omenez eraikitako gune
eta monolito bat jarriko dute bertan. Horren ondoren Altzuetan bazkaria izango
dute, Florentino Goikoetxearen jaiotetxean.
Bihar bidea itxita
Udalak jakinarazi du, bihar, asteazkena, Loiditik Altzuetarako bidea itxita
egongo dela 08:00etatik 10:00etara, omenaldi gunean obrak egingo dituztelako.